GARA
TOLOSA

Sardinari agur esanez atzean utzi dute mozorrozaleek euren festa maiteena

Egunean zehar festarako aukera izan zuten tolosarrek. Goiz esnatu zirenek gaupaseroekin bat eginda, kalejiran aritu ziren lehenik, ondoren zezen plazara elkarrekin joateko. Azken desfilea ere egin zuten.

Pasa den ostegunean pozez zoratzen eman zieten ongietorria inauteriei tolosarrek, eta festaz betetako sei egunen ostean, agur esan behar izan diete asteartita egunean. Logikoa da hain egun dotoreak atzean utzita pena pixka bat izatea, eta hori sardinaren agurrarekin irudikatu zuten atzo, beltzez jantzita... baina kalejiran. Incansables Zaharrak txarangak musika jarri zuen ondoren.

Baina egunak 24 ordu dituenez, goizetik aprobetxatu zuten inauterizaleek. 6.00etan jada bazebilen txistulari banda kalean bueltaka, goiztiarrak edo gaupaseroak atzetik zituela, kafea hartu berritan edo kalimotxoa oraindik eskuan. Anisa zen, hala ere, denek gorputzak berotzeko erabili zuten edaria, udaletxe atarian jarritako barran. 8.00etan elkarte guztiak bildu ziren zezen plazan pattar zezena ikusteko. Animalien aurrean korrika ibili ziren askotariko animaliaz mozorrotutako gazte pila bat.

Kabi Alai txaranga, ordea, Plaza Berrira joan zen ondoren bertan sokamuturra egin zutelako. Ordu berean, 11.00etan, karrozen eta konpartsen urteko azken desfileari hasiera eman zioten.

Bitartean, elkarteetako txarangek zezen plazatik Plaza Berrira jo zuten, eta bertan topaketa egin zuten, ondoren Gaztelako Atera kalejira egiteko.

Arratsaldean, berriro plazara

Bazkalostean txistulariek hartu zieten erreleboa berriro ere, eta ohiko ibilbidea eginez, “Idiarena” pieza jo zuten. Txarangek berriro ekin zioten eta Plaza Zaharretik zezen plazara joan ziren elkarrekin. Bertan, jendeak zezenak ikusten zituen bitartean, musikarekin giroa alaitzen aritu ziren txarangak zein txistulariak.

Iluntzean berriro ere txarangek bat egin zuten Berdura plazan dantzaldia eskaintzeko. Gero eta jende gehiago erakartzen duen ekitaldia da honakoa. Txarangek jada sortua zuten giroa sardinaren iritsierarako.

Inauteriak amaituta, piñata igandea besterik ez da gelditzen. Haur eta adinekoentzako eguna izango da batez ere honakoa, lehenik Poca-tripa txaranga Iurreamendi egoitzara joango baita eta, ondoren, zezen plazan xexen festa antolatu baitu Udalak.