Idoia ERASO
BAIONA

Lapurdin urre meategiak ustiatzeko egitasmoa bertan behera gelditu da

Sudmine enpresaren asmoak ez du aurrera eginen, borroka askoren ondotik. Gobernuak ez dio erantzunik eman Lapurdi barnealdean urrea ateratzeko eskaerari eta helegitea jartzeko epea amaitu da.

Ekonomia Ministerioak Kanbo inguruko hamaika herritan urrea ateratzeko baimen eskaerari erantzunik ez dionez eman, egitasmoa bertan behera utzi beharko du Sudminek. Eskaera 2014ko azaroan egin zuen, eta Gobernuak 2017ko apirilera arte zuen erantzuna emateko. Epea luzatzeko helegitea jarri zuen enpresak, baina horri erantzuteko denbora ere iragan da, eta beste bide judizialik hartzeko aukerarik ez du.

Berria atzo goizean eman zuten ezagutzera Mediabask eta Kazeta.eus agerkariek, eta arratsaldean Vincent Bru diputatuak jakinarazi zuen Ekonomia Ministerioaren baieztapena jaso zuela.

126 kilometro karratuko eremua hartzen zuen proiektuak bertako ekonomian garrantzi handia duten nekazaritzan eta turismoan eragin zuzena izango zuela salatu zen hasieratik.

Herri mugimendua

Egitasmoaren berri eman zelarik, berehala sortu ziren proiektua geldiarazteko mugimenduak. Stop Mines EH kolektiboak informazio bilkura eta ekintzak antolatu zituen, eta proiektuak ukitzen zituen herrietako hautetsiak ere kontra jarri ziren. Euskal parlamentariak eta Euskal Elkargoko buruek ere kontrakotasuna erakutsi zuten: Jean-Rene Etchegaray presidenteak gutuna igorri zion Bruno Le Maire Ekonomia ministroari egitasmoa ez gauzatzeko eskatuz.

EH Baik albistea ontzat hartu zuen atzo. «Jendarteak eta Ipar Euskal Herriko herriek bultzaturiko lanari esker egindako lorpena» dela nabarmendu zuten, eta aldi berean garaipen honek argi uzten duela «Parisen hartutako erabaki bat oztopatzen ahal dugula». Irailaren 16an ehunka pertsona eta hautetsi andana bildu ziren Baionako karriketan proiektuaren kontra.