JAIZKIBEL, DUELA 8.000 URTE; EUSKAL HERRIKO EHORZKETARIK ZAHARRENA
Paleolito garaitik bizi izan da gizakia Jaizkibelen, lurrak eta itsasoak emandakoaz elikatuta. Arkeologoek bazekiten euskal kostaldeko eremu honetan aztarna ugari dagoela, eta orain arteko aurkikuntzarik harrigarrienaren zati bat erakutsi zuten atzo Hondarribian: duela 8.000 urte lurperatutako gizonaren hezur bat.

Bi gauza ditu harrigarriak Jaizkibelen aurkitutako hezurdurak: hain egoera onean egotea eta lurperatu zuteneko jarreran mantentzea. Eta bietarako daukate azalpena arkeologoek, Aranzadiko Alvaro Agirrezabal arkeologoak esan zuenez. Aztarnategia bailara txiki bati begira dago, hareharrizko aterpe batean, eta berez lurra oso azidoa da, baina historiaurreko gizakiek jandako moluskuen oskolen kaltzio karbonatuak azidotasun hori ahuldu duenez, animalien hondakinak milaka urtean kontserbatu dira. Eta gizakienak ere bai.
Fetu jarreran eta oskolez inguratuta azaldu zen gizon honen hezurdura. Ez da ohikoa izaten. Berez, gorpu bat lurperatzean, deskonposizioa dela eta, hezurrak sakabanatu egiten dira. Arkeologoek ondorioztatu dute lotuta lurperatu zutela, bestela ez baitzuen zortzi mila urte iraungo jarrera horretan. Alegia, «Jaizkibeleko gizona» dei genezakeena ez zela han hilda erori, besterik gabe, baizik eta bere taldeko kideek hileta moduko bat eskaini ziotela, lurperatze zeremoniala egin zutela. 30-40 urte izango zituen hil zenean, eta metro eta erdiko garaiera.
Juan San Martin izan zen Jaizkibelen balio arkeologikoaz jabetu zen lehena, eta joan den mendeko azken hamarkadetan historiaurreko gizakiak bizi izandako toki mordoa aurkitu zuen paraje honetan. Berarekin hasi ziren Jaizkibel miatzen Maria Jose Iriarte eta Alvaro Arrizabalaga, Aranzadiko kideak; berrogei aztarnategi ziren ordura arte aurkitutakoak. Horietako bat J-3 izeneko aterpea zen. 2003an topatu zuten orain artean Euskal Herrian aurkitutako hobiratzerik zaharrena.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gordailua biltegian daude jasota Jaizkibelen aurkitutako pieza guztiak. Horietako batzuk Hondarribiko Arma Plaza aretoan jarri dituzte ikusgai egunotan, eta guztien artean izarra zein den ez dago zalantzarik: duela 8.000 urteko gizonaren hezur zati bat. Hain zuzen ere, tibia zati bat. Ondoan, gaur egungo gizakiaren tibia bat jarri dute, alderaketa egin ahal izateko. Beste bitrinetan, oskolak, apaingarriak, hezur gehiago… badago zer ikusi. Lurrean, J-3ko hezurduraren kopia bat, hezur berriagorekin osatua.
Gaur egun, ia ehun aztarnategi daude Jaizkibelen, Aranzadiko Juantxo Agirrek esan duenez. Eta ia segurutzat jo daiteke hezurdurak izango direla horietako batzuetan, ohiko joera hori izaten da eta: hilobi bat azaltzen bada, inguruan gehiago egotea. J-3 bera ere oso gutxi induskatuta dago oraindik, eta potentzial handia daukala uste dute arkeologoek. Horregatik, oso garrantzitsua da indusketa eremua ondo zaintzea. Oso hauskorra da eremua, lurra hondarrezkoa delako eta oskolez beterikoa. 8.000 urteko gizonaren hezurrak aurkitutako tokian, 140.000 lapa oskol inguru azaldu dira.
Goi Pleistozeno garaian gizakiak ehiztariak eta biltzaileak ziren, ez nekazariak. Lurrari, ibaiei eta itsasoari kendutakoaz elikatzen ziren, eta Jaizkibeleko kasuan basurdeak, moluskuak eta arrainak jango zituzten, hainbat basafruiturekin batera. Lurpetik ateratako hezurdura hainbat diziplinatako adituek aztertu dute, eta ondorioztatu dute arrain eta itsaski asko jaten zituela, hala nola lapak, muskuiluak, txirlak, lanpernak eta muxarren familiako arrainak.
Duela hamar mila urte, Hondarribitik Pasaiarako tarte hori, Jaizkibelen barrena, azken ehiztari-biltzaile taldeen bizileku nagusietako bat izan zen. Txalupak erabiliz itsasoan dezente barneratzen zirela ondorioztatu dute arkeologoek, muxarrak harrapatuko badira beharrezkoa da eta. Ordura arte gizakia ez zen itsasoan arrantzan ibiltzera ausartzen. Alvaro Arrizabalagak adierazi moduan, Europako lehenengo nekropoliak Atlantiko kostaldekoak dira, hasi Portugaletetik eta Danimarkaraino. Horien arteko bat, Jaizkibelekoa.
Harrizko tresnak ere topatu dituzte J-3 aztarnategian, eguneroko lanetan erabiliko zituztenak. Zulatutako oskolak ere azaldu dira bertan, eta hauek orduko mundu sinbolikoa irudikatzeko baliagarri izan daitezke. Zeramika azaltzea eta Mesolitoa bukatzea bat izan zen Euskal Herrian, eta orduan hasi ziren abeltzaintza eta nekazaritza garatzen gure lurraldean.
Honetaz guztiaz gehiago jakin nahi duenak aukera paregabea izango du hilaren 25era arte Hondarribiko Arma Plaza aretoko erakusketan, hortxe egongo dira-eta ikusgai J-3 aztarnategian aurkitutako materialak. Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroak, Luberri museoak, Jaizkibel Amaharri elkarteak eta Euskal Herriko Unibertsitateak hartu dute parte erakusketan, denak ere Aranzadi Zientzia Elkarteak koordinatuta. Emaitza, duela 8.000 urteko Euskal Herrira bidaia.

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Un esquiador de Irun, entre los tres fallecidos por un alud en Panticosa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan

Elogio de las puertas giratorias entre el trabajo privado y el político
