Aitor ASPURU
KURDUEN II. NAZIOARTEKO

KURDUEN ALDARRIKAPENAK EUROPAN, EUSKALDUNAK LAGUN

TURKIAK BONBARDAKETEN ETA JIHADISTEN INFERNUA ROJAVAKO AFRIN BARRUTIRA ERAMAN ETA GERO, KURDUEK EUROPAKO ERREPIDEETARA ATERA DITUZTE BEREN ALDARRIKAPENAK. SUITZAN, LUXENBURGON, BELGIKAN ETA ESTATU FRANTSESEAN HAINBAT INTERNAZIONALISTA IZAN DITUZTE BIDELAGUN, EUSKALDUNAK BARNE.

Bere historian askotan gertatu zaion bezala, Kurdistani herri boteretsuek hartutako erabakiei aurre egitea egokitu zaio berriro. Izan ere, Errusiaren oniritzia jaso ostean, Turkiak bere soldaduak, teknologia eta hainbat milizia jihadista baliatu ditu Siriako Afrin barruti autonomoa inbaditzeko. Eta NATOko bigarren armadarik handienak uste baino oztopo gehiago topatu ditu erasoaldian.

Bestalde, ordea, Kurdistango askapen mugimendua lubakietatik at ere mugitu da eta II. Nazioarteko Martxa egin du Europako bihotzean barrena. Otsailaren 8tik gaur arte Luxenburgo, Estatu frantziar, Suitza eta Belgikako errepideak zeharkatu ditu bere aldarrikapenak zabaltzeko. Besteak beste, gogoratu dute, I. Mundu Gerra bukatuta, nazioarteko komunitateak herrialdea lau estaturen artean banatzea erabaki zuela; Turkia, Irak, Iran eta Siriaren artean, hain zuzen. Hori dela-eta, Lausanan egin zuten protesta joan den astelehenean, bertan adostu baitzuten herrialde kolonialistek herri kurdua partitzea.

Zoritxarreko akordio hori dela eta, hainbat hondamendiren menpe geratu dira kurduak. Azkena, oraingoz, Afrinen aurkako erasoa da, baina inbasio hori abiatu baino lehen ere arrazoiak sobera zituzten kurduek protestak antolatzeko; Abdullah Ocallanen bakartze egoera eta aitorpen ofizialaren gabezia.

Rojavako fronteetan bezala –berez, armak hartu dituzten europar batzuek ere errepidera jo dute–, ehun internazionalistak baino gehiagok erantzun diote iraultza kurduaren deialdiari, eta hala, PYD Siriako alderdi kurdu nagusiko ordezkariak eta Kurdistango diasporako hainbat gazte lagundu dituzte protesta martxan. Ocallanen eta YPG eta YPJ milizien ikurrez zipriztindutako giza multzoa Babelgo dorre ibiltaria izan da: portugaldarrak, alemanak, katalanak, finlandiarrak... hainbat herritako ekintzaileak izan dira martxa horretan.

Jakina, euskal ordezkaritzarik ere izan da, gainerako taldeak bezain zabala: internazionalista beteranoak, independentistak, feministak eta ekologistak batu dira Kurdistango prozesu iraultzailea babesteko. Guztiek tratu ezin hobea jaso badute ere, emakume batek piztu du kurduen miresmena, bi seme baititu Rojavan. Bat 2016tik dago han eta besteak Afrinerako bidea hartu berri du, gerraren krudelkeriaren erdian erizain lanean aritzeko. Ama bezala zer sentitzen duen galdetzen diotenean, bere erantzuna hau da: bere semeek Euskal Herriko errealitate gordina ezagutu dutela eta orain beste herrialde batena dutela aurrean. Hori ikusita, ekintzaile kurdu batek euskalduna besarkatu eta ondorengoa esan dio: «Gure herrian ama askok ez dute ulertzen gazteek borrokan parte hartzea, eta zu, ulertu ez ezik, ibilaldian parte hartzen ari zara».

Edonola ere, kurduek bestelako ahaleginak ere oso aintzat hartzen dituzte. «Afrineko borroka Kobanekoa bezalakoa da, eta hau guztia gertatzen ari da, neurri batean, herrialde asko isilik daudelako. Elkartasuna adierazteko modurik onena isiltasun hori haustea da», adierazi du Necibe Qeredaxi Kurdistango Komunitateen Koordinakundeko ekintzaileak.

Emakumeen garrantzia

Necibe da «jineology» –emakumeen zientzia– kontzeptua zabaltzeko arduradunetako bat. Laster Santutxuko Karmelan izango da horretan sakontzeko, baina bitartean ez du denbora galdu eta ibilaldian bertan aritu da diziplina azaltzen; autodefentsarako emakume talde armatuak, independizatu nahi duten emakumezkoen udalerri ez mistoaren sorrera Rojavan... euren autonomia bermatzeko, historia eta borroka mahaigaineratu dute ibilaldiko mintegietan maiz eta emakumeentzako eztabaidak bultzatu.

Hala eta guztiz ere, dena ez da borroka eta hausnarketa izan. Etenaldi guztietan kurduak elkarri eskutik hartuta dantzatzen jardun dira. Turkiak Afrinen lehergailu zaparrada askatzen duen bitartean, kurduek ez dute bizitzeko grinarik galdu, eta alaitasun horrekin adierazten diote edonori beren iraultza jende ororena dela; prest dira beti dantzari berriei eskua emateko eta elkartasuna adierazten dietenei lekua egiteko.