N-1eko bidesariko akatsez ohartarazi eta sistema «lardaskeriatzat» jo du Hiru-k

Duela hilabete bat Gipuzkoako Aldundiak martxan jarritako kamioientzako N-1eko bidesaria «lardaskeria hutsa» dela salatu du Hiru sindikatuak eta ondo funtzionatzen duela egiaztatu arte ordainketak eteteko eskatu du.
Izan ere, sindikatuaren esanetan, ordaindu behar ez luketenei kobratzen ari dira. Poltsa honetan sartzen dira furgonetak, kanpoko autobusak eta autokarabanak. Aldiz, Bidegik aurrez abisatu zuen bolumen handiko ibilgailuak erregistratzea komeni zela –batez ere autobusen kasuan–, arkupeek kamioi gisa ez identifikatzeko. Izan ere, AT sistema ibilgailu astunentzat jarri zen; hau da, 3,5 tonatik gorakoentzat, bata Andoainen (N-1) eta bestea, Irunen (AP-8).
«Jakin bagenekien ordainduko ez zuen eta jarraitu ezingo zuen jendea egongo zela. Baita, ezjakintasunagatik, erregistratu ez eta ordainduko zuen jendea egongo zela ere», azaldu zuen garraiolarien sindikatuak atzo Lasarte-Orian emandako prentsaurrekoan.
Horrez gain, ohartarazi zuten sistema berriak ez dituela irakurri Via-T duten kamioi asko, «eta Aldunditik adierazi zuten horrekin nahikoa izango zela». Hori nabarmendu zuten kamioilari horiek «mehatxudun eskutitzak» jaso dituztelako, eta horietan inongo xehetasunik ez dela agertzen kritikatu zuten: «Ez noiz igaro diren arkupeetatik, ez zenbatekoa den zorra. Antzeko sistema duten herrialde europarrek faktura bidaltzen dute eta, batzuetan, baita matrikula irakurketaren argazkia, egiaztapen gisa».
Ezustean hartu ditu, ordea, 3,5 tona baino gutxiagoko ibilgailuei ordainarazi izana: «Ez dira hogei kasu bakarrik eta gainera ez dira denekin kontaktuan jarri». Horren aurrean Aldundiak erreklamazioak jartzeko eskatu die kaltetuei, baina Hiru sindikatuak ordainketak geldiarazteko eskatzen dio, «sistema ondo dagoela baieztatu bitartean», eta gaizki kobratutako guztia gidari orori itzultzea, erabiltzaileei egiaztatzen ibiltzeko lana eman beharrean: «Herritarren gain utzi dute bidaia bakoitzean seinale akustikoa egiten duen Via-T sistema kobratzen ari zaigun edo ez begiratzeko ardura».
Dena den, bien bitartean, kobratu dieten ala ez begiratzeko eskatu diete N-1 errepidea erabiltzen duten gidariei. Era berean, jakinarazi dute balitekeela jabeak oraindik konturatu ez izana, «behin bakarrik igaroz gero, kopuruak ez baitira handiak eta, gainera, lehen ordainketaren fakturak orain iristen ari direlako».
Konturatu diren kaltetuei sindikatura jotzera dei egin diete, telefonoz (943 36 40 92) edo posta elektroniko bitartez (Peajerikez@hiru.org), «denon artean bidegabekeria honi amaiera emateko».
Fenadismer, iritzi berekoa
Espainiar Estatuko Garraio Elkarteen Federakuntzak (Fenadismer) ere N-1eko arkupeko AT sistemak akats larriak dituela azpimarratu du. Akatsen artean, 3,5 tona baino gutxiagoko ibilgailuen ordainketa «bidegabeak» izaten ari direla nabarmendu zuen.
«Ibilgailuaren dimentsioan oinarritzen da arkupeak identifikatzeko erabiltzen duen modua, eta ez tona kopuruan, eta jada ehunka akats erregistratu dira», kexatu zen Fenadismer.
Bestalde, ziurtatu zuen alta emateko prozesuan ere hutsegiteak gertatu direla eta dagoeneko salatu dutela horren eskuduntza duen agintaritzan.

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan
