GARA
ONDARROA

Ehunka pertsonak eman diote azken agurra Ondarroan Ekairi

Ondarroan egin dute 16 urte zituen Ekairen omenezko lehenengo elkarretaratzea, baina ez da azkena izango. Izan ere, Estatuko hainbat hiritan ekimenak antolatzen hasi dira, tartean Gasteizen eta Zaragozan, bere heriotza hutsean ez gelditzeko, gertatutakoa salatzeko.

Ekai hormona tratamendua hasteko zain zegoen nerabe transexuala zen, eta egoera jasan ezinik bere buruaz beste egin zuen. Atzo, bere familia eta bizilagunek, Chrysallis elkarteko kideekin batera, elkarretaratzea egin zuten. Kandelekin egindako bihotz batekin adierazi nahi izan zuten maitasuna, baita pankarta batekin ere.

Modu horretan eman diote azken agurra ondarroar gazteari. «Azken egun zail hauetan, euren bihotz onez lanean aritu diren herritar eta elkarteei bere esker ona adierazi die Udalak, eta bereziki transfobiaren kontra eta gorputz eta identitate aniztasunaren alde lanean ari direnen jarrera txalotu. Ekairen heriotza alferrik izan ez dadin Ondarroako Udalak bere esku dagoen guztia egingo du aurrerantzean ere. Transfobiarik ez. Ez hemen, ez inon. Maite zaitugu Ekai», zioen Ondarroako Udalak igorritako ohar batean. Hiru eguneko dolua deitu du herrian, gaur arte, eta udaletxeko balkoian, gainera, ostadarraren bandera jarri dute.

Transfobiarekin amaitu

Talde politikoek ere gaztearen familiaren minarekin bat egin zuten. EH Bilduk sare sozialetan maitasun eta elkartasun mezuak zabaldu zituen, eta Ondarroako elkarretaratzean izan ziren alderdiko ordezkari batzuk. Era berean, transfobiarekin amaitzeko deia egin zuen ostiralean, zorigaitzeko albistea jakin bezain laster.

Podemos eta Equok ere Ekairen heriotzagatik atsekabea agertu zuten. Lehenak gizartea eta instituzioak «gogoetatzera» deitu zituen atzo. «16 urteko pertsona batek bere buruaz beste egin du eta ez dugu laguntzen jakin», esan zuen Lander Martinez idazkari nagusiak.

Equok, ordea, Osakidetzako pertsona transexualen arreta eta jarraipen protokoloen «azterketa sakona» egitea proposatu zuen «berriro gerta ez dadin». «Agerian gelditu da egungo legedia errealitatetik oso urrun dagoela eta trantsizio prozesu bat hasi nahi duten pertsonek oztopoak dituzte», salatu zuen. Ezker Anitzak eta PSEko Bizkaiko LGTBI taldeak ere Ekai gogoan izan zuten.