Andoni ARABAOLAZA
HITZORDUA

Gasteizek hartu du EMF-ren gala; sariak eta aitortzak banatu ziren

Euskal Mendizale Federazioaren hitzordu nagusia iragan ostiralean izan zen. San Ignacio Basotxo Mendi Klubak egitarau oparoa aurkeztu zuen.

Euskal Mendizale Federazioak urteko ekitaldi nagusia egin berri du; iragan ostiralean, hain zuzen. Gasteizen izan zen, Europa Biltzar Jauregian.

Nahiz eta federazioa bera den antolatzaile nagusia, urtero bezala, mendi talde batek prestatzen du ekitaldi horretarako egitaraua. Aurten San Ignacio Basotxo Mendi Kluba jardun da buru-belarri 32. hitzordu hau antolatzen, eta aitortu behar da, oro har, Gasteizko Adurtza auzoko mendi elkarte horrek lan ederra egin duela; izan ere, egitarau oparo zein erakargarria aurkeztu zuen.

Arratsaldeko zazpietarako pronto zegoen den-dena. Ordu horretan eman zitzaion hasiera EMFren ekitaldi nagusi horri. Aretoan dozenaka eta dozenaka lagun bildu ziren: sarituak, agintariak, federazioko zein “Pyrenaica” aldizkariko ordezkariak, ikusleak...

Adurtza Dantza Taldeak egin zien ongietorria festa horretara hurbidu zirenei, eta aipatu beharra dago umoreak leku handia izan zuela mendizaletasunaren galan; izan ere, aurkezpen lanetan Gorbea Irratiko umorezko saio bat egiten duten esatariek jardun zuten.

Horretaz guztiaz gain, Ortzi Acosta dantzariaren, Raul Romo musikariaren, Humberto Gutierrez umoregilearen zein Diego Berruete Sinpa artista grafikoaren emanaldi apartez gozatzeko aukera izan zen.

Sarituak

Sarien eta aitortzen txandari dagokionez, lehenik eta behin, Euskal Mendizale Federazioaren sariak banatu zituzten. Mendiko lasterketen saria, adibidez, Javi Dominguezek eskuratu zuen. Bat baino gehiago ezustean harrapatu bazuen ere, jarduera alpinistiko onenarentzako saria, “Andres Espinosa” izenekoa, Larran eginiko jarduera espeleologikoari eman zitzaion. Patxi Usobiaga oholtzara igo zen, kirol eskaladako jarduera onenaren saria, “Angel Sopeña”, jaso zuelako.

Kolaborazio interesgarriena, Antxon Bandres saria, Josu Iztuetak jaso zuen. Eta mendiko eskiko jarduera onenaren saria, “Andres de Regil”, Candanchu Ski Alp-ek. Urdaburu Mendi Elkarteak 75. urte bete dituela eta, Laboral Kutxa izena duen ibilbidearen saria eraman zuen. Euskal Mendizaletasunaren Adiskidea saria Angel Nuñoretzat izan zen, Loli Lopez Peña saria (euskal mendien zabalkundean eta ezagutzan emakumeek eginiko ekarpena) Matilde Sanzentzat, eta iraupen luzeko ibilbideen saria, “Sheve Peña”, Gorka Zubeldiarentzat.

Aurreratu dugun bezala, EMF-ren “Pyrenaica” aldizkariaren 35. ekitaldiko sariak ere banatu ziren. Artikuluen lehiaketari dagokionez, lehen saria Rafael Bartolomerentzat izan zen “Nafarroa, tierra de contrastes” lanagatik. Bigarrena, berriz, Txaro Iglesiasentzat “Vuelta al Monte Perdido en cinco etapas”-engatik, eta hirugarrena, Unai Altunarentzat “Fitz Roy eta Cerro Torre inguratuz”-engatik.

Martin Zalbak, bestalde, “Bardenas. El silencio de las pisadas del viento” irudi bildumarekin argazki lehiaketa irabazi zuen. Bigarren postua: Paco eta Jose Luis Solana, “Aralar”-ekin. Eta hirugarrena: Jon Ander Rabadan “Corredores invernales”-ekin.

“Pyrenaica”-ko emakumeen blogaren sariari dagokionez, Esther Merinoren “Montes Solidarios por los Montes de Vitoria” bisita gehien izan dituen sarrera izan da, eta Maite Sanz, sarrera gehien izan dituen kolaboratzailea.

Amaitzeko, “Pyrenaica”-ko blogaren sarian bi protagonista izan ziren: Ainhoa Lendinez “Urresteiko ertza” bisita gehien izan dituen sarrera izan delako, eta sarrera gehien izan dituen kolaboratzailearena Xabi Mujirari egokitu zaio.