Ritxi AIZPURU
Musika argitaratzailea

Zuzentasuna

Zuzentasuna zintzotasunaren sinonimo bezala harturik, zuzeneko diskoen zintzotasunaz gogoeta doa; zuzenekoa, zuzentasuna eta zintzotasuna hitzen esanahi desberdinen hausnarketak doaz. Zuzenean grabatutako diskoak zuzeneko bereziak dira. Oihu, txistu, txalo eta beste zarata guztiak grabatuta geratuko dira soinu teknikariak kantak gordetzeko erabiliko duen disko gogorrean. Gero, taldeak erabakiko du nola moldatu kantuen arteko tarteak. Zuzeneko disko askotan konponketak egiten dira musikariek egindako akatsak zuzentzeko. Batzuetan, baina, zuzenean grabatutakotik ez dira soilik akatsak zuzentzen. Inoiz erabili izan dudan esaldia da, txiste modura, «disko honek zuzenean grabatutako gauza bakarra, txaloak, oihuak eta txistuak».

Behin ezagun batek zuzeneko saio batean mugikorrarekin abesti bat grabatu zuen, gero diskoko bertsioarekin alderatzeko. Ahotsa eta gitarrak aldatuta zeuden. Adibideak aipatzea eskatuko duzue, adibiderik gabe ez baitago ebidentziarik, eta ebidentziarik gabe, hau guztia lanbro artean geratuko da. Egokiena da musikariei galdetzea. Diskoaren zuzenekoaren grabaketan egon denak, kaleratutako diskoa entzun ondoren, erraz atzeman ditzake batetik besterako aldeak. Nork aitortu beharko luke bi audioen arteko aldea? Musikariak zilegitasun osoa du zuzenean grabatutakoa zuzentzeko, konpontzeko, moldatzeko. Musikariak berak adierazi beharko luke zuzenketa horien ehunekoa. Sasi-zuzenean grabatua dela esango balu, gaitz erdi. Finean, dena musikariak egindakoa da.