Iratxe Esnaola
Hezkuntzan doktorea
JO PUNTUA

Interneten sortzailearen gutuna

Duela 29 urte, 1989ko martxoaren 12an, sortu zen Internet gisa ezagutzen dugun World Wide Web (WWW). Orduan ireki zen sarea. Eta orduan hasi zen zabaltzen. Eta forma hartzen. Eta hartu duen formarekin larriki kezkatuta idatzi du Tim Berners-Leek, bere sortzaileak, gutun ireki hau: https://labur.eus/BsCBl. Zinez gomendagarria.

Bi auzi garrantzitsu aipatzen ditu. Lehena, eten digitalari lotua. 2018a urte historikoa dela dio, aurten munduko biztanleriaren erdia sarera konektatua egongo delako. Baina falta den erdian jartzen du fokua: sareak pertsonen arteko ezberdintasunak lausotzen baino, eten horretan sakontzen lagundu baitu. Eta literalki hau dio: «Espero genezakeen bezala, probableagoa da deskonektatua egotea, emakumea, pobrea, landa-eremukoa, sarrera gutxiko herrialde batekoa edota ezaugarri hauen konbinazio batekoa bazara». Eta dio NBEk 2016an Interneterako sarrera pertsonen eskubide gisa aitortu zuela, ur edangarria edo elektrizitatea bezala. Oinarrizko eskubide bat dela, alegia. Eta sare komunitarioak eta wifi publikoak jartzen ditu soluziobide.

Bigarren auzia Internetek hartu duen bideari lotua dago. Boterea plataforma gutxi batzuetan kontzentratu dela dio. Eta hauek erabakitzen dutela zer ikusi eta partekatuko dugun. Eta jendartearen onurarako baino, onura ekonomikoak lortzeko sortu zirela. Eta onura soziala ere kontuan hartuko duen marko arauemaile baten beharra azpimarratzen du. Enpresa teknologikoen jarduna ere erregulatu egin behar dela, alegia.

“The Internet is Not the Answer” (Internet ez da erantzuna) liburua Interneten «porrot epikoaz» mintzo da. Berners-Leek Internet «merezi duen» sare bilakatu behar dugula dio. Eta inoiz ez dela berandu. Eztabaidarako deia egiten du. Eta eztabaidara aktore gehiago gonbidatzekoa. Interneten etorkizunaren eta enpresa teknologikoen erantzukizun sozialaren gainean hitz egin eta erabakiak hartzea urgentziazkoa bilakatu baita jada. Internetek pertsonen eta jendarteen garapenean laguntzen duela bermatu behar baita.