Andoni ARABAOLAZA
LEHIA

Euskal ordezkariek urrea eta zilarra eskuratu dituzte

Joan den 10ean, Bilboko Piugaz rokodromoan, Espainiako Blokeko Koparen lehen hitzordua jokatu zen.Mutiletan, Mikel Linazisorok irabazi zuen; nesketan, berriz, Itziar Zabalak bigarren postua lortu zen.

Eskaladako lehietan jarduten duten euskal ordezkariek lehen hitzordu garrantzitsua izan berri dute. Joan den hilaren 10ean izan zen, hain zuzen, Fedme-k antolatutako Espainiako Blokeko Koparen lehen proba.

Aurreratu behar dugu, Bilboko Piugaz rokodromoan jokatu zenez, euskal lehiakide askok hartu zutela parte. Eta hein handi batean, “etxekoek” protagonismo handia izan zuten. Eta hori diogu, emaitza azpimarragarriak lortu zituztelako. Mutiletan, adibidez, Mikel Linazisorok garaipena lortu zuen. Eta nesken lehiaketan, berriz, Itziar Zabalak bigarren postua sinatu zuen.

Fedme-ren erregulartasunaren zirkuitu horrek hiru proba ditu, eta lehendabiziko horretara 29 neska eta 45 mutil gerturatu ziren.

Blokeak sortzen Jose Luis Palao eta Alejandro Gimenezek jardun zuten, eta, oro har, esan daiteke egungo nazioarteko lehietan izaten diren irizpideak bete zituztela. Bloke teknikoak eta zorrotzak; hots, bolumen askorekin, plakekin eta helduleku kamutsekin.

Ohi den legez, sailkapenak goizez jokatu ziren. Ez zen ezustekorik izan. Soilik aipatu behar dugu azken bi ekitaldietako irabazlea, Jonatan Flor, min hartuta erretiratu egin zela.

Bi jubenil

Finalera zortzina mutil eta neska pasa ziren. Azken maila horri dagokionez, Rut Casas izan zen lehia onena egin zuena. Datorren hilean 17 urte egingo ditu, eta argi erakutsi zuen maila handia duela. Katalanak finaleko lau blokeak sinatu zituen. Haren atzetik, Zabala sailkatu zen, bera ere lau blokerekin; baina dimoztarrak saio gehiago behar izan zituen. Gogora ekarri behar dugu Zabala lesio batetik irten berri dela, eta, beraz, bigarren postu hori kontuan hartzeko modukoa da. Muriel Ruiz de Larramendik ez zuen egun ona izan, eta hamabigarrena izan zen.

Mutiletan, bestalde, beste jubenil batek protagonismo berezia hartu zuen. Linazisorori buruz ari gatzaizkizue. Sailkapenetan laugarrena izan zen, baina finalean lau bloketatik bi gainditu (hori lortzen bakarra izan zen) eta garaipena eskuratu zuen. Final horretan bloke zorrotzak eta zailak jarri zituzten, eta, horren ondorioz, top gutxi egin ziren

Lehen hamar sailkatuen artean, Markel Mendietak, bloke batekin, laugarren postua lortu zuen. Eta Eneko Carretero bederatzigarren postuan sailkatu zen.