Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Kapuściński, Angolako gerra lehen lerrotik ezagutu zuen erreportaria

«Another Day off Life» animaziozko filmaren estreinaldirako hilabete gutxi falta direla, albiste onak iritsi dira Kanaki Films ekoiztetxera: animazio alorreko urteko ekoiztetxe onenaren saria eskuratu dute bederatzi urteko lana eskatu dien film luzeagatik. Bertan, Ryszard Kapuściński erreportari poloniarraren lorratzari jarraitu eta 1975ean Angolak deskolonizazio prozesua abiatu zuenean bizitako gerra eta sarraskiak kontatzen dira, animazio formatuan.

1975eko udazkena zen. Krabelinen Iraultzaren ondotik Antonio de Oliveira Salazarren diktaduratik libratu berria zen Portugal eta horrek estatuaren mende zeuden kolonietan independentzia prozesuak abiarazi zituen. Tartean, Angola. Herrialde afrikarrean zen Ryszard Kapuściński erreportari poloniarra eta, ezegonkortasuna nagusitzen ari zela ikusirik, erabaki zail baten erdian ikusi zuen bere burua: bere biziraupenaren alde egin eta Angola utzi edota geratu eta garratza izango zela aurreikusten zen deskolonizazio prozesuaren berri eman.

Balantzak bigarren aukeran kokatu zuen poloniarra eta orduan bizitakoak kontatu zituen “Another Day of Life” (Egun bat gehiago bizirik) liburuan. Argitalpen hura oinarri hartuta, izen bereko animazioko film luzea egiten bederatzi urte eman ditu Kanaki Films ekoiztetxe donostiarrak –2018ko udazkenean iritsiko da zinema komertzialera– eta, orain gutxi, Cartoon Movies foroak eskaintzen duen animazio alorreko urteko ekoiztetxe onenaren saria eskuratu berri du, Bordelen.

«Kristorena izan da», azaldu du Amaia Remirez Kanakiko ekoizleak. «Oso nekatuta iritsi ginen prozesuaren amaierara eta industriako 300 pertsonaren aurrean 15 minutu soilik erakutsita jaso dugun harrera izugarria izan da. Animazioaren munduan, gainera, oso berezia da halako gai historiko-ideologikoa hautatzea, baina oso gustuko izan dute», nabarmendu du.

Kapuścińskiren obran oinarritutako animaziozko filma egitearen ideia ekoiztetxea bezain zaharra da. «Kapuścińskiren liburuaz maitemindu egin ginen eta 2009an hasi ginenetik bidelagun izan dugu ideia hori. Hainbat pasarte grotesko eta surrealistak dira, xehetasunez josiak, eta argi ikusi genuen animazioa izan behar zuela», zehaztu du Remirezek.

Autoreak “The Emperor” (Enperadorea) obran egin bezala, ingurukoen esanen bidez berreraiki nahi izan dute kontakizuneko protagonistaren irudia eta, hala, 1975ean Angolan harekin egon zirenen bilaketari ekin zioten. «Lehen hiruzpalau urteak eman genituen horretan, garrantzitsua zen guretzat, ze istorioa animazioaren bidez kontatuz eta gaur egungo pertsonaia hauen lekukotasunak txertatuz, ikuslea konturatzen da ikusten ari dena benetan gertatu zela. Zaplazteko bat bezalakoa da: hau guztia egia da».

Fase dokumental horretan Lisboa, Kuba eta Angolara bidaiatu zuten eta, 2011n, herrialde afrikarrean ezagutu zituzten aurrez aurre protagonistok: «Kapuściński oso ondo gogoratzen zuten. Ricardo deitzen zioten beraiek, kubatarren presentzia oso zabaldua baitzegoen. Kapuścińskik egoerarekiko enpatia handia sentitzen zuela oroitzen zuten, ez zela konformatzen ez AEBetatik iristen zen propagandarekin ez Angolako alderdiek saltzen zutenarekin, berak frontera joan nahi zuen gertatzen zena ikustera. Ausarta zen, inkontzientea, beti autoritate figuren bila pauso bat gehiago eman ahal izateko baimen bila», adierazi du. «Eta giro afrikarrean sartzea atsegin zuen, musseque-etara [auzo marjinalak] joatea. Bera, txuri bezala, kolonia garaian, beste erreportariak hoteletan eta tabernetan geratzen ziren bitartean, hara joaten zen».

Sarraskirako itzulera

Elkarrizketatuentzat iraganerako itzulera ere izan da. «Artur Queiros-ekin errepide batera joan ginen. 75ean Kapuścińskirekin izan zen han, errepidea hilotzez josia zela, eta sekula ez zen itzuli ordura arte. Emozionalki gogorra izan zen beretzat», ekarri du gogora Remirezek. Bere aldetik, Portugaleko telebistarako Angolan lanean aritu zen Luis Alberto Ferreirak 16 mm-ko filmazioak zituen: «Zuri-beltzeko irudiak ziren, Lisboako zinematekan ikusi genituen berarekin. 80 urtetik gora ditu orain eta gazte, indartsu ikusi zuen bere burua. Hunkigarria izan zen beretzat irudi horiek ikustea».

Hala ere, Kapuścińskiren irudia goratu baino –«horretarako idatzi zituen liburuak, erreportajeak, elkarrizketa... irakurtzea besterik ez dago»–, Angolan gertatu zena gizarteratzea da “Another Day of Life” lanaren xedea. «Afrikako deskolonizazioaren pasarte oso ezezaguna da, Gerra Hotzaren garaian gertatua... Oso gutxi dakigu gerra honi buruz eta oso inportantea izan zen Hego Afrikako historia guztiarentzat, ze Angolako gerra horretan beste alderdiak irabazi izan balu, agian apartheid-a egongo zen oraindik Afrika osoan», ziurtatu du Remirezek.

Nobela grafikoaren estetika

Alderdi teknikoari begiratuta, Kanakiko ordezkariak azaldu du estetika «oso berritzaileko» filma dela. «3D animazioko filma da baina 2D itxura du, hau da, komiki bat ikusten ari bagina bezala baina sakontasun eta xehetasun handiarekin. Animazioaren munduan berezi egiten duena aurpegiko xehetasunak dira, espresioak, begiradak oso biziak dira. Eta, gero, Afrikako koloreak eta eszena surrealistak, non Kapuścińskiren buruan sartzen garen», zehaztu du Remirezek.

Filma udazkenean estreinatuko da, baina horren aurretik zenbait irudi eta teaser-a ikusgai daude filmaren (www.anotherdayoflifefilm.com) zein Kanakiren (www.kanakifilms.com) webguneetan.

 

Munduko errealitateen aleak biltzen dituen ekoiztetxea

Kanaki Films 2009an sortu zuten Donostian Amaia Remirez ekoizleak eta Raul de la Fuente zinemagileak. Hasieratik garapen bidean dauden herrialdeetan fokua jarrita, sortu eta hiru urtera Goya sarietarako izendapena eskuratu zuen “Virgen negra” film labur dokumentalagatik, baina saria esku artean izateko bi urte gehiago itxaron beharko zuten: “Minerita”-k, Cerro Ricoko (Bolivia) meatzaritza gunean bizirauteko borrokan dabiltzan hiru emakumeren istorioa biltzen duen lanak eman zien, 2014an, film labur dokumental onenaren Goya saria. Oscar sarietarako finalisten artean ere egon zen eta Kultura Ondarearen Institutu espainolak, besteak beste, genero berdintasuna sustatzeagatik saritu zuen.

Zinema dokumentalari emandako ekoiztetxea da Kanaki, munduko bazter guztietako errealitateak bildu dituena, hasi Laponiatik eta Sierra Leonara, Haiti eta Suitzatik pasata.

«Ekoiztetxea sortu genuenetik, garapen bidean dauden herrialdeak izan ditugu begian, hor aurkitzen baititugu gehien hunkitzen gaituzten eta interesatzen zaizkigun istorioak», nabarmendu du Kanakiko ordezkari Amaia Remirezek. Pertsonalki aberasteko modua ere bada: «Mundua ezagutzen jarraitzeko aukera bezala bizi dugu lanbide hau». A.A.