Eduardo Apodaka
Soziologoa
GAURKOA

Ezkerreko haurkeria gure artean (II)

Ezkerreko haurkeria gure artean” artikuluak (GARA, 2018/03/23) eragin dituen erantzunak oso sintomatikoak iruditu zaizkit. Baina onartu behar dut ez dakidala zehazki zeren sintomak diren. Labur esango nuke Sorturen aldetik harrera ona izan duela, ELAren aldetik, berriz, kontrako erantzun kritikoak piztu dituela, eta beste batzuentzat nire artikulua dogmatikoa, alderdikoia, eta hitz goxoz esan, desegokia izan dela. Erreakzio batzuk serio landuak izan dira, benetan eskertzen ditut: lana hartu dute nire hitzak irakurtzen, ulertzen eta kritikatzen. Horietan baten batek, gainera, muineko eztabaida ideologikora jo eta Leninen testua nola interpretatu eta erabili dudan kritikatu du zorrozki. Dena den, erreplikak han-hemen eman beharrean, egokiago iruditu zait batera eta artikulua agertu zen hedabide berean ematea.

Oro har, arazo barik onartzen dut artikulua ezin zaiola iruditu askori ez politikoki zuzena, ez egokia ere. Alderdikoia da eta nahasgarria izan daitekeen ironia eta karikatura kutsua du azken partean. Bi ezaugarri horiek erraz azaltzen dira: alderdikoia da alderdi bateko jende askoren egoera emozional batetik abiatzen delako eta jende hari zuzendu natzaiolako, zuzendu diodalako. Ironikoa, horrela gure, nire, iritziak eta emozioak erlatibizatu nahi nituelako.

Edukiari dagokionez, zergatik Lenin? Nik ez dut nire burua leninistatzat. Eta ez dut normalean inoren obra, doktrina edo sistema filosofiko, politiko, etiko edo dena delakoa, bere osoan hartzen. Alderantziz, obra asko miatu eta arakatzen ditut irakaspen bila, nahiz eta ideia soil bat izan. Leninen testua oso aspaldi irakurri nuen lehenengoz eta orain berrartuta dut, gogoeta-lan bat dela eta: nola uztartzen diren utopia, ilusioa eta irudimena pragmatismoarekin, lorpen zehatzekin eta garaipen ustez txikiekin. Nire ustez, pragmatismoa oso ezkerrekoa da eta oker gabiltza eskuinari hitza eta kontzeptua oparitzen diogunean. Ez dut batere gustukoa eskuinak nola berdindu eta mugatu duen pragmatismoa TINA (there is no alternative) delakora. Mugatze horri aurre egiteko behar duguna, dena den, ez da ez utopismo hutsa, ez pragmatismo hutsa. Nire iritziz, ezkerreko irudimena eta praktika utopian bezainbeste arazo eta borroka arrunten konponbidean aritu behar dira. Eta hala da maiz, zalantza barik. Hainbat mugimendu dira praxi horretan oso arituak eta adituak, esaterako: feminismoa, sindikalismoa, arrazismoaren aurkako borroka, sexu askapeneko mugimendua edo euskalduntzea bera. Horiek eta beste askok garaipen pragmatikoak eta ilusio utopikoak uztartzen ikasi dute, tentsio eta antagonismo anitzetan ikasi ere. Ekinbide pragmatikoak eta praxi iraultzaileak ez dira kontrajarri behar. Zorionez, badugu nondik ikasi.

Gogoeta ildo horretan, Leninen testuak estrategia eta taktiken auzian ekarpen berezia du: estrategia eta taktikak erabakitzeko orduan materia soziala gutxiesteko eta subjektu iraultzaileen edo eragile eraldatzaileen ahalmenean gehiegizko konfiantza izateko joera zehazten du. Joera hori berdin aplikatu ahal zaio abangoardia diziplinatu eta engaiatuan sinesten duenari, edo masa iraultzaile espontaneoan, edo eragile anitzen artikulazioan, sinesten duenari. Nire irakurketan, “haurkeria iraultzailea” azken helburu politikoak lortzeko ahalmen eta eraginkortasunaren gehiegizko ilusioa eta horri lotutako dogmatismoa da. Baina, nola ez du izango arrisku hori eraldatze eta iraultze ilusioa eta beharra duen eragileak?

Ikuspuntu horretatik eta irakurketa partziala eginez (hau da, alde bati buruzkoa eta alde horren sentieratik eginez), gogor kritikatu nuen artikuluan ezker abertzalearen ibilbidea eta zehatzago aurreko ziklo politikoan, aurreko estrategian esan liteke, egondako haurkeria eta egoskorkeria. Horregatik ere, hainbat galdera egin nituen egoera eta testuinguru zehatzen gainetik printzipio abstraktuak dogma gisa ezartzeak zein kalte ekar lezakeen iradokitzeko. Ekintzaren mugak eta aukerak gauden eta dugun egoera materialean daudelako eta ez gure printzipioetan, haietan ilusioa eta ekimenaren motorra badaude ere.

Kritika horiek gorabehera, artikuluaren pasarte narrasena, eta erreakzio negatiboenak eragin dituena, azken-aurreko paragrafoa izan dela esango nuke. Ironia argiaz oso serio ez hartzeko keinua eginagatik ere, ironiak duen beste bertute bat piztu dudala dirudi, alegia, baieztapenak erlatibizatu beharrean, serioago eta literalagoak harrarazi ditudala dirudi. Ironia horrekin «existitzen ez den konspirazio» baten berri emanez, ezker abertzaleko jende askoren sentsazio deseroso bat deskribatu nahi nuen: ezker aldeko eragileen interpelazioak nola hartu eta nola erantzun ez jakiteak eragiten duen deserosotasuna, hain zuzen. Testuinguru horretan nik bi interpelazio polo sendo ikusten ditut «nahi gabean konspiratzen», azken finean, polo horiek dira euskal ezkerraren unibertsoan ezker abertzaleak dituen lehiakide, osakide eta bidaideak. Interpelazio horien aurrean nola jokatu eraginkor eta zuzen da askorentzat kezka nagusia: zirt ala zart egin behar al da? Edo Leninen estiloaz: zer egin, honek eta hark dioena? Zalantza horietan dago, nire ustez, balizko haurkeriaren pizgarria eta oraingo arriskua: lehengora itzuli, eskema abstraktuetara, zurrunak baina argiak diren horietara, eta gainera, eraginkortasun edota konponbiderako gako direla pentsatuta. Bestela esan, arriskutzat dut akordio, konpromiso edota hitzarmenen gainetik printzipioak garbi eta irmo gorde nahi izatea. Uste dut bide horretatik laster heltzen dela ezker «inoperantea» izatera; hau da, arlo sozio-politikoan ezer gutxi aldatzen duen ezkerra izatera. Arrisku hori ikusten dut ezkerreko eragileen interpelazioei erantzuna emateko orduan. Kinka hartan ager liteke «ezkerreko haurkeria gure artean».

Zein da gustuko nukeen erantzuna? Nire jarrera, inork ezagutu nahi balu, hau da: agitazio eta propaganda behar da, botereen kontrako alternatiba integralak diseinatu behar dira, eta jakina, aldaketa eta lorpen zehatzak ere behar dira arlo guztietan. Euskal Herrian, edonon bezala, antagonismo anitz ditugu, eta borroka arlo, molde eta eragile asko egon daitezen lekua eta beharra dago. Horien artean artikulazio zabalak eta zehatzak egin behar dira, ez betiko, ez denean, ez guztien artean. Artikulazio horiek horizontalak, pareen artekoak, eta abangoardia hegemonikorik gabe nahiago ditut. Ezker abertzaleak, hainbat joko-eremutan aritzen denez gero, horietan guztietan ikusi beharko du nola lortu urratsez urrats bere helburu estrategikoak; horregatik ere, bere autonomia, estilo eta estrategia propioa behar du, besteek bezala. Hortik aurrera, eragile horiek artikulatzeko moduari dagokionez nik une honetan ez dut orotarako bloke baten egokitasuna ikusten, aliantza eta artikulazio, utopiko eta pragmatiko, anitzen unea dela uste dut.