GARA
DONOSTIA

Donostiako kaleak nola eta zertarako erabili, eztabaidan

Udal gobernuak kalearen erabilera arautzeko ordenantza proposatu du; EH Bilduk 28 helegite aurkeztu ditu, «murriztailea» dela iritzita.

Espazio publikoaren erabilera kudeatzeko ordenantza abian da Donostian. Orain arte kale eta pasealekuetan egiten ziren ikuskizunak, emanaldiak, salmentak eta abar arau ezberdinen bidez erregulatu dira. Behin-behineko onarpena egin ostean, alderdiek zuzenketak egiteko garaia heldu da. EH Bilduk 28 aurkeztu ditu.

Udalak argudiatu duenez, kalearen erabilerari dagokionez izaten diren abusuei amaiera ematea da helburua. Bereziki, eta, besteak beste, dendek negozioen kanpoaldean jartzen dituzten erakustokiei begira.

Azukrezko hodeirik ez

Koalizio abertzaleak ez du gustuko mahai gainean jarri den proposamena. «Oso murriztailea da. Kalea «parte-hartze politikorako gakoa izateaz gain», kultur emanaldiak eta kirol saioak egiteko espazio gisa aldarrikatzen du.

Adibide batzuk: ezingo da kale-salmentarik egin, ezta oinez ibili bitartean ezer saldu. Xaboi-burbuilen jokoak ere debekatu egingo dira eta txurro-saltoki mugikorrek ezingo dute azukrezko hodeirik saldu.

Espazioa okupatzeko eskakizunetan, Europar Batasunetik kanpoko pertsonei derrigorrean eskatu nahi zaizkien lan-baimena eta bizileku-baimena aurkezteko beharra ezabatzea proposatzen du EH Bilduk. Kalean abestea, musika jotzea, mimoak, txotxongiloak, antzerkia, malabarrak, dantza... kalean egin ahal izateko udal gobernuaren baimen zehatza behar izateari ere gehiegizkoa deritzo.

Behin betiko onarpena uda igarotakoan izatea espero da.