Floren Aoiz
@elomendia
JO PUNTUA

Indarkeria politikoaren zikloa gainditzeko aukera

Tenporalitatearen ingurukoa lehia politiko handia da. Esaterako, afera eraginkorra da indarkeria politikoaren historiaren mugarriak argitzea, ETAren jarduera armatua hasiera gisa kokatzea eta 1936ko altxamendu faxistari erreparatzea gauza ezberdinak direlako. Krimen faxista-frankista ziklotik at jartzeak ahalbideratzen du, esaterako, inpunitatea eta inpunitatearen ardura politiko eta irakurketa etikoak zuritzea, ETAren kontrako moralina astintzen den bitartean.

Gernikaren kontra jaurtitako bonbak aipatzen ditu ETAk eragindako sufrimendu eta saminaz argitaratu duen aldarrikapenean. Izan ere, aztertu daiteke erakunde armatu honen indarkeria politikoa aurretik zetorren logika politiko-militarra aintzat hartu gabe? ETAk sartu zituen armak politikaren ekuazioan? Espainiar Estatuaren XIX. mendeko historiak ez du halakorik pentsarazten, ezta XX.ekoak ere. Bi mende horietan errepikatzen den joera da armak helburu politikoak lortzeko erabiltzea, forma eta intentsitate mailak oso ezberdinak izan arren. Ideia eta jarduera politikoen errepresioa, finean, logika politiko-militarraren gauzapena da, honela aitortu nahi ez duten arren.

ETAk bere ardura bereganatu du, baina Siria bonbardatzea, NATO babestea edo armagintza bultzatzea politikaren logika politiko-militarraren adierazpenak ere badira, ETArekin deus ikustekorik ez badute ere. Indarkeria politikoaren irakurketa zintzoak hau guzia barne hartu behar du, diskurtso mugatu eta zitalen bidetik ez joateko. Horregatik da hain garrantzitsua tenporalitatea eta, halaber, kokapen fisikoa, mugatzea.

Euskal Herria logika politiko-militarretik kanpo jartzen ari da, kostata, estatuek ez dutelako hautu hori baztertu nahi. Eta hau gertatzen ari da logika hori berrindartzen ari delarik Katalunia eta mota guzietako mobilizazio edo protesta politikoen aitzin. Erronka zaila, baina merezi duena, gehiegi iraun baitu indarkeria ziklo luzeak.