Arantxa MANTEROLA
ORTZAIZE
Entrevista
DOMINIQUE AMESTOY
LURZAINDIAREN LEHENDAKARIA

«Lurra espekulazio merkatutik betiko ateratzea dugu helburu»

Duela bost urtez geroztik, GFAren egitekoa zabaldu, eta landa lurrak babesteko borrokan ari den elkartearen buru da. Ama Lurraren Nazioarteko Egunaren harira, egitarau oparoa prestatu dute Itsasun. Jai giroaz gainera, lurraren problematikaz hausnartzeko tartea ere izanen da goizean.

Gogoratuko al dizkiguzu laburki zeintzuk diren Lurzaindiaren helburuak?

Alde batetik, dirua bilduz laborantza etxaldeak erostea eta laborari gazteak plantatzen laguntzea. Bestetik, emeki-emeki indar bat bilakatzea lurra gaizki erabilia den aldi oroz intziditzeko. Izan ere, lurralde antolaketaren baitan laborantzaren arloa ezinbestean kontuan hartu behar dela pentsatzen dugu, elikaduraren aldetik, ingurumenaren aldetik, ofizioaren eta jakitatearen aldetik… Arlo horietan guztietan oreka bilatzea biziki inportantea dela uste dugu.

Lurzaindia duela bost urte sortu zenuten baina lehendik bazen antzeko egitura bat, GFA Mutuel Lurra izenekoa…

Hala da. Duela 40 urte sortutako GFA etxaldeak erostera eta nekazari gazteen instalazioa laguntzera mugatzen zen. Lurzaindia sortu genuelarik espekulazioaren kontra ere borrokatu behar zela pentsatzen genuen, zeren eta etxaldeak erosten dituzten gero eta dirudun gehiago heltzen da Euskal Herrira. Baserriarekin batera zenbait hektarea lur ere erosten dituzte beren plazerendako, pottoka pare bat edo piszina bat jartzeko, edota auzorik hurbil ez izateko. Ondorioz, lur horiek galdu egiten dira laborantzarako. Bitartean, urbanizazioak, etxeak, egitura turistikoak eta aisialdikoak azkartzen doaz.

Lurzaindiarekin espekulazioaren kontrako borroka ere gehitu da, eta orain egituratuta gauden moduan, edonork eros ditzakeen akzioen salmentaren bidez, diru bilketa urte osoan egiten ahal dugu, eta ez soilik baserri baten erosketa proiektuari lotutako kanpainan. Bateratze horri esker, GFAk onartu zuen beren landa lurren jabetza Lurzaindiari pasatzea eta aktibitatea zabaldu egin dugu.

Ahalegin horiei esker 379 hektarea lur eta 21 ustiategi salbatu dira. Erositako lur horiekin zer egiten duzue?

Plantatu nahi duten laborariei alokatzen diegu lurra. Lurzaindiak ez du eremurik saltzen, gure helburua lurrak espekulazio merkatutik behin betiko ateratzea baita. Beraz, eremu bat erosten dugularik, deia zabaltzen da instalatzeko proiektua duten nekazarien artean.

Ama Lurraren Nazioarteko Egunaren karietara besta bat antolatu duzue iganderako, Itsasun.

Bai. Gainera, Itsasu hautatu dugu berriki kostaldearen eta barnealdearen muga horretaraino urbanizazio handi bat ailegatu delako eta nekazaritzako lur eremu handiak galdu direlako. Gogoeta egiteko ere baliatu nahi dugu egun hori. Hala, 10.00etatik goiti, mahai-inguru bat izanen da. Lurraren problematikan aditu diren lau kide arituko dira ama lurraren zaintza, etxebizitza lortzeko ahala eta garapen ekonomikoak nola uztartu daitezkeen aztertzeko.

Hain zuzen ere, zuen elkartetik bereziki nabarmentzen duzue lurraren zaintza edozein lurralde antolaketaren oinarri izan behar dela, hau da, gai transbertsala izan behar dela ezinbestean.

Hala izan beharko luke. Maluruski, lehentasuna ematen zaie bide egiturei, merkataritza gune handiei, turismoari bideratutako eremuei eta horien guztien ostean geratzen diren hondarrak laborantzarako antolatzen dira. Hori ez da normala.

Nola lor daiteke oreka egokia?

Hasteko, udalerrietan lurren erabilera planifikatzen delarik eraikuntzako lur eremua murriztu beharko litzateke. Une honetan eremu hori biziki handia da, behar baino handiagoa. Gainera, lur bati urbanizatzeko ahalmena aitortzen zaionean, balio handia ematen zaio eta salmenta bultzatzen da. Hautetsiek eta lur antolaketaz arduratzen diren guztiek horretaz jabetu beharko lukete eta eraikitzeko eremuak mugatu. Bigarren etxebizitzaren arazoa ere hor dago. Hau dena ez da erraza, baina lurra zuzenki partekatua izan dadin, horretaz guztiaz mintzatu behar da, denok kontuan hartuta, eta ez bakoitza bere aldetik orain gertatzen den bezala. Igandeko debatea ildo horretan doa.

Euskal Elkargo berriak zer egin dezake? Erakunde horrekin antolaketa hobea lortuko den esperantzarik baduzue?

Harremanetan gara Euskal Elkargoarekin. Laborantzaren eskumena bere gain hartu du eta nekazaritzaren geroaz arduratzen den talde bat lanean ari da jada. Horrekin lotutako beste gaiak ere aztertzen ari dira, laborarien ibilmoldea eta irabaziak nola hobetu, nekazari ofizioa erakargarria nola egin… Espero dugu gure beharrak eta lurraren zaintza aintzat hartuko dituztela.

Gaur egun zer harreman duzue SAFER-ekin?

Garai batean harremana zaila izan da haiekin, baina emeki-emeki hobetzen ari da. Ikusi dute laborantza mailan Lurzaindiak Ipar Euskal Herriko indar biziak batzen dituela eta lurra zaindu nahi badugu gu kontuan hartu behar gaituztela jabetu dira. Guk ere SAFER aintzat hartu behar dugu, ze nekazaritzako lurren salmenten espekulazioa kontrolatzeko dagoen egitura ofizial bakarra da. Elkarren beharra dugu.

Igandean bestarako parada ere izanen da, ezta?

Jakina. Eta umorerako ere bai. Antzerki moduan eta giro umoretsuan lurraren inguruan konferentzia animatua deitu dugun ekimen bat izanen da 16.00etan. Aldez aurretik, aperitifa alaitua eta gure etxaldeko mozkinekin prestaturiko herri bazkaria izanen dira. Musikari, haur joko, standak eta animazioak ez dira faltako. Beraz, bertara joateko gomita egiten dugu gure egitekoa sostengatzera.