Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Aitorpenak aitorpen

Aitorpen garaia dugu hau. Bai, asmatu duzu, errentarenaz nabil, beste batzuk aitorpenean izan badira ere. Hortaz, lehen armatua eta gero armatu gabea den erakundea bere zikloaren azkenean ari da isilean lortzen aurretik zaratan lortu gabea. Hara! Euskal lurralde guztietako apezpiku, gotzain eta prelatuek zer eta agiri bateratua elizaratu! Agiritan hauek ere! Aitormenean ere! Hau l´ostia don/k! Akaso esan nahi du horrek aurtengo errentarenean ondasun immatrikulatuak aitortuko dituztela? Kapaz! Amen.

Tira, erakundearen aitorpenaren harira! Armagabetuaz nabil orain, ez elizaren erakundeaz. Ofiziozko politikaren pulpitutik denetarikoa izan da, botikan legez. Batzuek pausoa ikusi dute; beste batzuek paso egin dute, etengabeko aste santuan biziko bailiran, pasoka. Amen, berriro. Normala da, gaixotasunaren iturriaz adostasunik ez bada are gutxiago botikaren errezetan. Errelatoa, errezeta. Hortaz, poeta andaluziarrak zioen modura gaixo egotea baino okerragoa da mediku txarra izatea.

Pulpitutik atera gabe, aurrekontuen ezbaia aurrera doa, bitan ezetza esanda baiezkoan zarela ahaztu barik. Lehengoan entzun nion jelkideen buruari esanez politikan aste bat denbora luzea dela. Auskalo zertan zen! Beharbada ekonomia politikotik ari zen, langileentzat abisutan, aurrerantzean urteko oporraldia astebetera mugatu behar delakoan…

Dena dela, ez dut uste politika politikotik arituko zenik. Kontuak atera, 1979ko urri hartatik ia 462 aste egin ditu estatutu haren paperak, eta? Oraindik eskale! Amen, honetan ere. Gernika hartatik geratzen dena bonbardaketaren errelatoa da, batzuek aitortu ez dutena, eta urriko azken astelehenaren azoka, errezeta askorekin. Paper hura pergamino da gaur egun, historia politikoarentzat aztergai. Aitorpen gehiago beharko ziren... bidean atzera egin gabe.