Andoni ARABAOLAZA
IZOTZ

Ines Papertek gustura estutu du Norvegiako izotzean

Eskalatzaile alemanak, Anna Plaffekin batera, Roalden mendian 400 metroko bide alpino berria zabaldu du: «Stumbling Stone» (AI5, M7). Rahel Schelbekin, berriz, Fjolhaugenen, «Rosalinde» (WI7, M6, 350 m).

Ondoko kronikan, Ines Paperten izena aipatu dugu; hain zuzen ere, Shisha Pangman helburu oso erakargarria duelako. Baina hurrengo lerrootan alpinista alemanaren beste jarduera bat azpimarratu nahiko genuke. Askotan esan dugu emakumezkoen artean Papertek mundu mailan izen handia duela. Alpinismoa, eskalada... mendiaren hainbat adar tekniko ondo baino hobeto menderatzen ditu.

Eta horren adibide dira iragan otsailean Norvegiako ipar paretetan zein izotz eskaladan sinatutako eskaladak. Herrialde “izoztu” horretara Anna Plaffekin bidaiatu zuen. Denbora galdu gabe, sokada honek Roalden izeneko mendiaren ipar horman xede bat zehaztu zuen: «Hainbat marra aztertu ondoren, ipar horma ertzarekin lotzen duen tximiniaz osatutako sistema bat aukeratu genuen. Hauek amaitzerakoan plaka eder batzuk aurrez aurre izan genituen. Hasteko eta behin, segurtasunik ematen ez zuen tximinia bat eskalada mistoan igo genuen. Gure iragarpenetan huts egin eta eskalada horrek asko eskatu zigun. Horrekin esan nahi dugu zailtasun teknikoek geure eskalada mantsotu zutela. Gauak harrapatu eta kopetako argirik gabe, azken metroak gainditu genituen. Horretarako Thomas Senf kideari deitu eta hark hainbat farol jarri zituen gure ibilbidea argitzeko».

Bideari “Stumbling Stone” deitu diote. 400 metro luze da, eta honako zailtasunak ditu: AI5 eta M7.

Kide aldaketa

Roalden mendian izaniko eskarmentua ez zen batere erosoa izan Plaffentzat; izan ere, hainbat hatzetan izozteak izan zituen. Horren ondorioz, etxera itzuli zen.

Papertek Norvegian jarraitzeko egun gehiago eta gogo handia zuen. Rahel Schelb kidea “fitxatu” zuen. Eta biek ala biek hainbat eskalada egin zituzten.

Finnkonan WI6 zailtasuna duen marra luze klasiko bat eskalatu zuten. Beroketa lanak bukatu bezain laster, Fjolhaugen mendian izotzezko marra luze eder bat ikusi zuten: «Oso agerikoa izateaz gain, izotz mehea zuen plaka luze erakargarria zuen. Hasierako metroetan zaila zen tresneria segurua jartzea; eta kontu handiz jardun genuen, besteak beste, balizko eroriko bat saihesteko. Ondoren, izotza sendotu zen, eta, zazpi luze igo eta gero, gailurreriara heldu ginen. Bideari ‘Rosalinde’ deitu diogu (WI7, M6, 350 m). Aitortu behar dut Norvegiako izotzak asko erakarri nauela; itzuliko naiz».