Asier AIESTARAN
PILOTA

Rezustaren helburua, saria zigor ez dadila bilakatu

Iaz emandako itxura aparta errepikatu nahi du bergararrak ostiralean, etxean bertan, Olaizola II.aren aurka.

Beñat Rezusta, Buruz Buruko Txapelketaren final-laurdenetan geratzen den atzelari bakarra, prest da aurtengo lehiaketari ekiteko. Ostiral gauean izango da, eta erronka ez da nolanahikoa izango Aspekoarentzat: lau aldiz txapeldun izandako Olaizola II.aren aurka eta Bergaran, bere herriko pilotalekuan.

Final-laurdenetan zuzenean sartzea ez da zerutik eroritako saria, iaz egindako txapelketa bikainaren ondorio baizik. Orduan, Victor kanporatu zuen final-zortzirenetan (19-22, Bergaran bertan), Jokin Altuna final-laurdenetan (22-14) eta finalerdietan 17 tanto egin zizkion Iker Irribarriari. Itxura bikaina eman zuen neurketa guztietan eta buruz buru jokatzeko sekulako dohainak dituela erakutsi zuen gorengo mailan.

«Beldurra ez, errespetua» duela zehaztu zuen Aimar Olaizolak atzo eguerdian egin zuten material aukeraketan –aurrez «beldurra» aipatu zuelako–. «Beñaten aurka ez dut inoiz jokatu buruz buru, baina ikusi nituen iazko partidak. Eta aspaldian esaten nabil: atzelari onena da, urte guztian oso maila ona ematen du, eta ni baino askoz kolpe gehiago daukanez une askotan dominatuko du. Gainera, ezkerra izanik, pilota inkomodo asko etortzen zaizkizu», gaineratzen zuen bergararrari buruz.

«Ongi iristen naiz»

Rezustak, ordea, nahiago du hankak lurrean eduki, eta tentu handiz aukeratu zituen bere adierazpenak. «Oso pilotari desberdinak gara. Bera aurrelaria da eta ni atzelaria. Oso ongi dominatzen ditu jokamolde honetako teknika guztiak eta dituen txapel denak kontuan izanda ez dago gehiago esan beharrik». «Ez dut uste horrenbeste beldurrik izango duenik –gaineratu zuen–, ikusi besterik ez dago aurreko astean eta Binakakoan zer maila eman duen».

Izan ere, Buruz Buruko Txapelketa berezia da zentzu horretan. Iazko lan onaren saria izan beharko lukeena, serie buru izatea alegia, zigor ere bilakatu daitekeelako partida txar bat ateraz gero: aho zapore oso txarra uzten baitu neurketa bakarra jokatzeak, are gehiago etxeko pilotalekuan galtzen bada.

Horri jaramonik egin gabe, ongi prestatzea izan da Beñaten eginbeharra. «Ongi iristen naiz. Jaka, Irribarria eta Elezkanorekin entrenatzeko aukera izan dut eta sentsazioak denetarikoak izan dira: batzuetan hobeak eta besteetan eskasagoak. Normala da, atzelari jokatzen dut urte guztian eta buruz burukora jartzea kosta egiten da».

Eta badaki Aimar Olaizolak bere gabezia guztiak bilatuko dituela. «Sake-errematearekin min handia egiten dute aurrelariek, eta badakit Aimar horretan saiatuko dela. Baina sakea nik daukadanean saiatuko naiz nire aukerak baliatzen», azaldu zuen azkenik Beñat Rezustak, Buruz Buruko Txapelketan atzelarien ohorea defendatzea tokatu zaion “azken mohikanoak”.

Beste erronka bat Elezkanorentzat

Iaz Rezustak eman zuen ezustekoaren parekoa ari da gauzatzen aurten Danel Elezkano. Arteaga II.a eta Artola kanpoan utzi ostean, Zaratamokoak gogoz hartu du hurrengo erronka, zailtasunean koska nabarmena gora egiten duena: Oinatz Bengoetxea, egungo txapelduna, kaleratzea. Beste kupel bateko sagardoak dira horiek, baina ilusioz gainezka iritsiko da bizkaitarra larunbateko hitzordura.

«Ezin naiz kexatu. Beste urte batzuetan baino gutxiago prestatu dut txapelketa eta beste urteetan baino maila hobea eman dut orain arte. Aurreko partidetan gustura sentitu naiz eta ea larunbatean partida handi bat egiten dudan», izan ziren bere hitzak atzo Labriten egindako material aukeraketan.

«Inoiz ezin da esan ezinezkoa denik, baina argi dago Oinatz txapeldun handia dela eta berriz irabazteko faboritoetako bat. Niretzat partida berezia izango da, baina nire maila emanda aukerak izango ditut», gaineratu zuen.A.A.