GARA
REALA

Azken saioa ateak itxita Sevillako partida zail eta erabakigarria prestatzeko

Realak gaur 11.00etan ateak itxita egingo du azken entrenamendua bihar 21.00etan Sevillaren aurka jokatuko duen partida prestatzeko. Txuri-urdinek azkenaldiko bolada onari jarraipena eman nahi diote, baita hurrengo denboraldian Europan jokatzeko azken aukera baliatu ere, baina Sanchez Pizjuan estadioa ez da segur aski plazarik errazena helburu horiek betetzeko.

Realak atzo helarazitako datuen arabera, txuri-urdinek 58 partida jokatu dituzte Sevillaren zelaian, eta horietatik 13 bakarrik irabazi dituzte, beste 12 berdindu eta 33 galduta. Hori bai, azken urteetan denetik ezagutu du talde donostiarrak: 2014/15 denboraldian 1-0 galdu; 2015/16an 1-2 irabazi eta 2016/17an 1-1 berdindu.

Atzoko entrenamendua ere ateak itxita egin zuten Imanolek eta bere jokalariek, eta beraz gaur jakingo dugu Aritz Elustondo eta ukituta dauden beste jokalariak deialdian sartzeko moduan dauden ala ez.

Leganesen aurkako sarrerak

Atzo eta gaur artean martxan da bazkideentzako online sarrera salmenta Leganesen aurkako partidarako (maiatzak 12, 18.30). Ostiralean hasiko da gainontzeko zaleentzako online salmenta. Gogoratu behar da Xabi Prietoren agurrekoa izango dela.