Alfontso DIEZ

Bi uretara, egun berean

Gaur egun ez da batere ohikoa euskal ontziola batek itsasontzia uretaratzea; oso gutxitan izaten da halako berririk. Baina egun eta ordu berean (arratsaldeko seietan, hain justu) bi ontziolak txalupa bana itsasoratzea aspaldiko gertaeratzat har genezake kasik, eta atzo ikusteko moduan izan ginen.

Aurrenekoa, Zumaian: Balenciaga ontziolak Hav Line Gruppen norvegiar konpainiarentzat eginiko 94 metro luzeko eta motor hibridodun “Norwegian Gannet” izokinetarako arrantza-ontziarena. Ekitaldian jakinarazi zutenez, halako motorra duen lehenengo izokin-ontzia da munduan.

Bigarrena Erandion uretaratu zuen Murueta ontziolak: “Sisimiut” du izena, 82 metro luzeko izozkailu-ontzia da (teknologiarik aurreratuena du eta arrainaren prozesu osoa egiteko gai da) eta Groenlandiako Royal Greenland armadorearentzat eraiki du. Aurreikusita dago 2019an uztea Groenlandiako Gobernuaren jabego den armadorearen esku.

“Sisimiut” horrez gainera, 1943an sortutako Murueta beste itsasontzi bat ere eraikitzen ari da Royal Greenland-entzat. Bigarren hau, atzo jakinarazi zutenez, nagusiki izkirak arrantzatzeko erabiliko da.