Aitziber Pz. KARKAMO
Kazetaria

Hildako umeak eta «bullying»-a

Sufritzeko aukera ere lapurtu dietelako odolez gainezka egiten duen lur zatian erortzen diren gorpuei. Aste honetako hildakoak azken 70 urteetan izandako beste milaka horien gainean pilatuko lirateke, eurak jasotzera, lurperatzera eta negar egitera bildutako herri kolpatu baina duin baten seme-alabak izango ez balira.

Protokoloaren ofizialtasunaz eta dotoreziaz jantzi nahi izan badute ere, altxatu duten eraikinaren adreilu hotzek ez dute sekula izango balen kontra jaurtitzen diren harrien duintasuna. Gizagabetasunaz jokatzen duen izaera makabro bati soilik bururatu ahal zitzaion Nakba gogoratzeko egun berberetan Jerusalemen enbaxada israeldarra inauguratzea, kolonizazioaren adierazgarririk krudelena begi-bistan utziz.

Baina kolonizazio krudel bezain eraginkor horrek agintzen du gurean ere, jatorrian aitortutako printzipio denei muzin eginez Israeli gorazarre egiten dion Kontinente Zaharrean. Kontzientziarik gabeko Europak bakarrik saritu baitezake bullyingaren kontrako abestia harro kantatu duen iragan militarreko Netta abeslaria, ordezkatzen duen herrialdeak darabilen musika bakarra jaurtitako misilen soinua denean; bonben azpian desagertutako eskoletara joateko aukerarik sekula izango ez duten umeak hiltzen dituen estatu genozida.