17/05/2018

Ritxi AIZPURU
Musika argitaratzailea
Musikaren iraupenak

Ba al du garrantzirik kantuen neurriak edo iraupenak? Zein da abesti baten iraupenik egokiena burua erne eta adi egoteko une oro kantuari? Kantuaren laburtasunak behartuko du musikaria ez erortzea errepikapenean, eskatuko dio zehatza izatea egituraketan, melodiaren ikuspuntua gogoraerraza izatea. Kantuari zentzua eman behar zaio, baina horrek ba al du zerikusirik kantuaren iraupenarekin? Kantuak duen helburuetako bat da entzulea ahalik arretatsuena bilakatzea melodia aditzean, entzulea adi edukitzea une oro. Iraupen luzeak desitxuratu dezake abestia? Eta laburrak? Eta desitxuratuko balu, zein neurritan? Iraupenaren garrantzia oso da subjektiboa, ez dago inolako arau deontologikorik baina garai bateko baldintza teknologikoek eragina izan dute gaurko abestien batez besteko iraupenarekin. Zuzeneko musika “poteratu” zutenean edo, garaiak laburtuz, abestiari single nortasuna asmatu ziotenean binilo euskarria sortu zioten eta horrek iraupenaren baldintza ekarri zuen 45 rpm abiadurako biniloetan: 3 min 30 s.

Iraupen luzea edo laburra, hori ez da gakoa. Kantuaren melodia erakargarria eta itsaskorra bada, beste guztiak berdin dio. Itsaskorra ez da gogaikarriaren sinonimo. Baina bakoitzaren gustuek eragina dute. Nahiago dut lau aldiz entzun bi minutuko abesti berbera zortzi minutuko abestia baino.

Akauzazte taldearen “Ur gardenak” diskoaren abestien erdiak bi minututik beherakoak dira. Hogeita hamar segundoko 101 abesti ditu “Short music for short people” diskoak. Minutemen taldeak antzeko filosofia du. Ramones: laburrak, zehatzak eta isilunerik gabe, zorrotz kantuetan.