Jon ORMAZABAL
ASEGARCEKO PILOTARIA
Buruz Buruko txapelketaren finala

«Listoago jokatu izan banu txapelaren bat gehiago izango nuke buruz buru»

Berezko dohainak, lana eta pasioa, horiek dira «beti gazte» izateko Aimar Olaizolaren formula sekretuaren hiru osagai funtsezkoak. Hasieran ez omen zuen bere burua manomanista on bat bezala ikusten, baina bere hamargarren finala du igandekoa eta bosgarren txapela nahi du. Hala ere, badu damu txiki bat, airez jokatzen lehenago hasi ez izana.

Errutina zalea da oso goizuetarra, eta, eguneroko hori mantentzearren edo, Bilboko Bizkaia frontoian egindako hiru entrenamenduen ostean hartu gaitu berarekin aurrez aurre egon nahi izan dugun kazetariak. Hogei urte profesional bezala, 25 lehen mailako final, baina esateko asko du oraindik ere pilotari goizuetarrak.

Final batean berriro. Bukatu dira behingoz erretiroa noiz hartuko duzun galderak?

Ez, nik uste hemendik aurrera ere berdin-berdin izango dela! Niretzat garrantzitsua da final batean egotea, are gehiago buruz burukoan; txapelketarik zailena, inportanteena da pilotarientzat, izen gehien ematen duena... Nik oso zail ikusten nuen berriro hor egotea, beti iruditu izan zait gainera, baita orain dela hamar urte ere.

Galdera horiekin nazkatu egiten al da bat azkenerako?

Ez, ohituta nago. Hortik aparte nik uste dut normala ere badela, 38 urte ditut, 39 aurten, eta galdera hori normala da. Baina nik beti esaten dudana da adinetik aparte ikusi behar dela bakoitza ematen ari den maila, eta, nire kasuan, ongi aurkitzen naiz. Oraindik ez dut nabaritu beheraldirik fisikoki, jokoz ere ongi nago; aurten, gainera, eskutik pilota nahiko ondo irteten zait.

Final hau berezia da?

Egia da, oraingo honetan, sarrera piloa, urteetan izan dudan sarrera eskaerarik handiena izan dudala, agian pentsatzen dute nire azkena izango dela! [barrez]. Herritik jende piloak etorri nahi du, ingurutik ere bai, eta beti eskertzen da. 200 sarrera inguru eman dizkigute eta gehiago izango banitu gustura hartuko nituzke. Eskertzekoa da. Aurreko partidetan ere jende asko etorri da eta eskertzekoa da.

Ez omen zenuen zure burua manomanista bezala ikusten eta markak hausten ari zara...

Debutatu nuenean Binaka eta Lau eta Erdian nire burua ondo ikusten nuen. Aldiz, buruz buru sekula ez nuen pentsatuko hainbeste final jokatuko nituenik eta ditudan txapelak irabaziko nituenik. Lehen jokatzen zen erara, gainera, nire burua ez nuen ikusten jotzaile bezala, eta, horregatik, zaila egiten zitzaidan nire burua hor goian ikustea. Baina urteak pasatu ahala jokoa ere aldatu da, eta nik uste nire kasuan ondo etorri zaidala. Gauza bategatik edo besteagatik txapela dezente bildu ditut.

Une bakoitzak eskatzen zuenera moldatzen jakin duzu.

Bai, nik uste nire kasuan hori inportantea izan dela. Niri tokatu zitzaidan botera jokatzea eta orduan ere nik uste maila ona ematen nuela, baina, nire kasuan, inportantea izan zen jokoa pixkanaka aldatzen joan zen horretan ni ere horretara moldatzea. Nik esango nuke emaitza hobeak lortu ditudala jokatzeko era aldatu zenetik.

Zuk zeuk zure jokamoldea lehenago aldatu ez izanaren damurik ba al duzu?

Niri beti pilotari listoa izan naizela esan didate, eta, nire ustez, listoago jokatu banu, bi edo hiru urte lehenago egin banu aldaketa, txapela bat edo bi gehiago izango nituen buruz buru. Hor urte pare bat egon ziren Irujok eta sake-errematea egiten zidatela eta nik botera errestatzen nuela; min handia egiten zidaten aldatzen hasi nintzen arte. Nik uste lehenago hasi izan banintz, aukera izango nuela, igual ez, beste txapelaren bat izateko.

Izan al zen «aldatu beharra daukat» pentsatzera eraman zintuen une zehatzen bat?

Ez, pixkanaka izan zen, nahi gabe bezala. Baina ni ere konturatu nintzen. Irujoren kasuan, esaterako, emaitzak aurretik eta ondoren hartuta, ni bera bezala jokatzen hasi nintzenetik asko aldatu dira; berak bezala jokatzen dudanetik portzentajea askoz handiagoa da nire aldera berera baino.

Aldaketa hori kantxan oso natural eman zela ematen du. Lan asko egon zen atzetik?

Ez, lana ere bai, baina normalean berezko dohainak behar dira. Batzuetan, lana eginagatik, dohain horiek ez badituzu alperrik da, eta, nik uste, nire kasuan, nik neuk ikusi nuela nik ere joka nezakeela horrela.

Hori da Aimarren formula sekretuaren beharrezko osagaia?

Nik uste hori norberak eraman behar duela, hortik aurrera, adinarekin-eta, ondo egoteko lana ere oso garrantzitsua da. Lehen-biziko gauza garrantzitsuena dohainak izatea da, baina gero lana ere bai. Nik uste beti izan naizela oso zuzena entrenamenduetan, janarekin, ordutegiekin… Igual ez da horrela, baina nire kasuan nik uste oso garrantzitsua izan dela.

Finalaren aurretik baduzu erritual berezirik?

Beste partida guztien aurretik bezala, bi edo hiru egun lehenagotik beti janari bera jan, ordutegi berak erabili, paseoa egiten dudanean paseo bera egin, umeekin berdintsu... Eta partidako egunean ere bai, baina urte guztiko partidetan bezala; gosaldu ordu berean, paseoa...

Pasioa ere beharrezkoa izango da hainbeste urte irauteko...

Hori dudarik gabe. Esaten didatenean ea urduritasunik edo izaten dudan, nik esaten dut orain dela 20 urte bezalaxe. Nik uste hori beharrezkoa dela hor goian mantentzeko; ilusioa, tentsioa behar da. Final honen aurrean ere, nahiz eta esperientzia izan, aurreko egunetan egongo naiz orain dela 10-15 urte bezala.

Hori ez da ikasten?

Ez, baina azkenaldian pixka bat aldatu zait umeak izanez geroztik. Deskonektatzeko-eta ondo etortzen da umeekin egotea eta pentsatzea pilota ez dela gauza bakarra. Tentsio hori barruan eramaten da, baina, beharrezkoa da, hori ez badago ezinezkoa da.

Umeak konturatzen dira aitaren garaipen eta txapelez?

Bai, konturatzen dira. Orain, gainera, partidetara etortzen dira. Zaharrenak 7 urte egin behar ditu eta gero aldageletara etorri nahi izaten du. Han egoten dira. Eurek ere, normala den bezala, galtzen dudanean pena hartzen dute, eta nabaritzen dut ere irabazten dudanean poz handia hartzen dutela. Txikia ez da konturatzen finala denik, baina handiari esplikatu diogu hurrengo partidan galtzen badut kopa izango dugula, eta, irabazten badut, txapela. Gainera, berari betitik Altuna asko gustatzen zaio!

Jokinena ere harritzeko modukoa da. Nork espero zuen halako garapena izango zuenik horren denbora gutxian?

Bai, baina nik uste, Jokinek nahiz eta gaztea izan, hasieratik erakutsi duela figura handi bat, pilotari handi bat dela, distantzia guztiak kontrolatzen dituela eta postura guztiak ere bai. Jendeak esaten zuen ez zuela kolperik buruz buru jokatzeko, baina nik esaten nuen hor goian egoteko dohainak bazituela. Aurten demostratu du. Ematen duena baino kolpe gehiago dauka, eta, hortik aparte, oso azkarra da, defentsa handia du eta fisikoki gora egin du. Gero, gainera, dena dominatzen du, sakea errestoa, errematea, dejada… Oso pilotari konpletoa da.

Zure antzik handiena duen pilotaria izan daiteke?

Ez dakit, momentu batzuetan hartzen dituen erabakiengatik-eta, agian bai. Bera ere pilotari oso zuzena da, momentu guztietan ematen du egin behar duena egiten duela. Niri konparazioak sekula ez zaizkit gustatu, baina pilotari ikaragarria da.

Mugarik badu?

Nik uste demostratu duenarekin... Lau eta Erdian txapela jantzi du, binaka pilotaririk onenetakoa da, buruz buru finalean dago… 22 urteko pilotari bati zer gehiago eskatu behar diozu? Nik behintzat adin horretan horrela jokatzen duten pilotari oso gutxi ikusi ditut, ia inor ere ez.

Aimar Olaizola izeneko bat?

Adin horretan berak nik baino dezente gehiago jokatzen du.

«Aimardependentziarik» ba al du Asegarcek?

Ez, niretzat garrantzitsua izan da enpresa nirekin gustura egotea, eta, urte pilo honetan, gustura egon dira. Orain demostratu egin didate, eskertzekoa da kontratua 39 urterekin bukatzen zuen pilotari bati beste bi urte luzatzea. Demostratu didate ni eurentzat ere garrantzitsua naizela. Gainera, nitaz aparte pilotari garrantzitsuak daude Asegarcen, gertatzen dena da aurten Binakakoan ere gu bakarrik sartu ginela finalerdietan... Binakakoan eta Buruz Burukoan inor sartu ez bagenu, eurentzat ere tristea izango litzateke, eta, horregatik, bat behintzat sartuta, enpresarengatik ere pozik.

Nabaritu duzue enpresaren presiorik alde horretatik?

Nire kasuan behintzat ez, gaurko egunean ez dut uste ezer demostratu behar dudanik eta ez dut uste ezer esango zidatenik. Beste pilotari batzuk dira gazteagoak eta exijentzia handiagoa behar luketenak, baina nire kasuan inoiz ez dut halakorik izan.