A. ARTOLA
DONOSTIA

Denboraldiko bigarren opera, «Orfeo eta Euridize» gordin eta argi-ilunez josia, oholtzaratuko du Opus Liricak Donostian

Opus Lirica operazale elkarteak denboraldiko bigarren opera oholtzaratuko du asteburu honetan Donostiako Victoria Eugenia antzokian: Gluck-en “Orfeo eta Euridize”. Elkarteak ADAO koruarekin elkarlanean ekoitzi du obra eta, prentsaurrekoan azaldu zutenez, erronka pertsonal bati eutsi eta orain arte aurkeztu dituzten obren aldean «ezezagunagoa» den lan baten aldeko apustua egin dute. «Uste dugu badela horren ezezagunak ez diren opera zoragarriak erakusten hasteko garaia. Ilusio handia egiten dit obra hau taularatzeak, 2008an Madrilgo Errege Antzokian Euridizeren papera egin nuenean obrak duen musika zoragarriarekin ikaragarri gozatu nuelako, eta eszenara eramateko gogoa neukan, pertsonaiaren paperean guztiz sartzekoa, esperientzia ikaragarria baita», ziurtatu zuen Donostian ere Euridizeren papera jokatuko duen Ainhoa Garmendiak.

Soprano donostiarrak alboan izango ditu Matteo Mezzaro (Orfeo) eta Alicia Amo (Amor). Italiar tenorra aurretik ere aritua da Opus Lirica-rekin (“Traviata”) eta bere pertsonaiaren zailtasuna nabarmendu zuen; «rol luzeak jokatzen baititu, ia lehen zati osoan aritzen naiz bakarrik eta nekagarria da», zehaztu zuen. Amok, bere aldetik, etxetik gertu lan egiteko aukera eman izana goratu zuen: «Araban bizi naiz eta etxetik gertu egotea asko eskertzen da lanbide honetan, eta Opus Liricarekin aritzeak ere ilusio berezia egiten dit, uste baitut lan handia egiten ari direla».

“Orfeo eta Euridize”-k maitasun istorio bat du oinarri. Orfeo infernura jaitsiko da bere maitale Euridize heriotzatik erreskatatzera, baina aurkitzen duenean ez du Amor-en ohartarazpena gogoan hartuko: Euridizeri begietara begiratzen badio, ez du salbatzerik izango.

«Argi-ilunez jositako obra da –nabarmendu zuen bere aldetik Marta Eguilior eszena zuzendariak–, gordina, krudela eta bizarro samarra, baina eszena gustu onarekin osatu dugula uste dugu». Pastel tonuei muzin egin eta gorria, zuria eta beltza izango dira nagusi, baita jantzietan ere, eta kateak eta larruzko maskarak ere ez dira faltako.

“Orfeo eta Euridize” bihar (20.00) eta igandean (19.00) ikusi ahalko da Victoria Eugenian, eta sarrerak salgai daude ohiko bideetan.