Amlaur ARTOLA
DONOSTIA

Musika elektronikoa eta aldarrikapena batuz

Bigarren urtez, Donostia musika garaikide eta elektronikoaren topagune bilakatu nahi du Dantz jaialdiak. Abuztuaren 30 eta irailaren 1 artean egingo da jaialdia hiriko zenbait gunetan eta, atzo iragarri zutenez, besteren artean, Deena Abdelwahed, Nathan Fake, Warrego Valles, Sama’, Territoire eta Wooky izango dira Gipuzkoako hiriburuan.

Donostiako panorama musikalean musika elektronikoari ikusgarritasun handiagoa emateko asmoz sortu zen iaz, hainbat kolektiboren sostenguz, Dantz jaialdia. Lehen ediziotik, musika eta aldarrikapena batzea izan du helburu festibalak, eta aurten ere iaz irekitako bideari jarraituko diotela azaldu zuten atzo Tabakaleran, aurtengo edizioaren aurrerapen prentsaurrekoan.

«Bertako artisten lana ezagutarazteaz gainera, nazioarteko musikariak ekartzea ere bada gure helburua, eta jaialdian parte hartzen duten artistek musika ikuspegitik haraindiko diskurtso bat izatea ere garrantzitsua da guretzat», azaldu zuen Jokin Telleriak. Berak zehaztu zituen behin-behineko kartelaren nondik norakoak.

Hasteko, arabiar jatorriko bi emakume gonbidatu dituztela nabarmendu zuen: Deena Abdelwahed tunisiarra eta Sama’ palestinarra, «horien errealitatea ikusarazi nahi dugulako». Los Voluble talde sevillarrak «mugen gaineko gogoeta» ekarriko du, erritmo elektronikoak, flamenkoa eta efektu bisualak uztartuz, eta Maotik artista bisual frantziarrak droneetan jarriko du begia, «batez ere zaintzarako eta abarrerako gerretan erabiltzen diren horietan».

LGTBIQ kolektiboari keinu egiten dioten bi artista ere hartuko ditu jaialdiak. Esloveniatik, Warrego Walles bere azken diskoa, “Botox”, aurkeztera etorriko da eta, Kazakhstandik, queer mugimenduari lotutako Nazira.

Nathan Fake ere izango da Donostian: «Beste edozein jaialditan kartel-burua litzateke, mendebaldean ezaguna da oso, baina guk ez dugu inor nabarmendu nahi», esan zuen Telleriak. Euskal Herritik, nazioartean lekua egiten ari den El_Txef_A izango da, eta atzo iragarritakoen artean daude ere Rival Consoles, Territoire eta Wooky.

«Artista gehiago ere baditugu lotuta, baina aurrerago iragarriko ditugu», zehaztu zuen Telleriak, eta Dantz jaialdia abuztuaren 31tik irailaren 1era bitartean Donostiako hainbat tokitan (Tabakalera, Gazteszena eta Egiako hainbat aretotan, kasu) egingo bada ere, ekimena uda osora zabaltzeko asmoa dutela ere zehaztu zuen. Batetik, Guardetxean zenbait ekitaldi egingo dituztela iragarri zuten eta, bestetik, jaialdiaren aurreko ostegunean ere ekintzak izango direla.

Aurrerapen modura, jaialdiaren teaser-a eta kartela jarri dituzte ikusgai, www.dantz.eu webgunean.