Fredi Paia
Bertsolaria
JO PUNTUA

Etorkizuna

Zeruari barre eragin nahi diok? Konta iezazkiok hire etorkizuneko planak!», bota zidan DFko taxistak. Gizakiarena, bere tramankulu eta jakintza guztiekin, aldaketak aurreikusteko ezintasunaren historia da. 1929ko New Yorkeko burtsaren krakaren bezperan akzioek gorantz kotizatzen zuten, Mariano Rajoyk orain aste bi legegintzaldia lasaitasunez amaituko zuela uste zuen, tsunamietan gizakiok eta guk geuk lotutako animaliak gara sasoiz ospa egiten ez dugun bakarrak...

Etorkizun hurbila iragartzeko piztiarik itsuenaren tituluak, ostera, sorpresa positiboak ditu; esaterako, espainiar ministro andere batek meloia zabaldu behar dela publikoki adierazi eta 24 ordura 175.000 euskal herritarrek erabakitze eskubidea aldarrikatzea. Jokaldi entseatua izan balitz bezala. Harmailen gozamenerako, gertakizun biak Gasteizko Parlamentuan Estatuarekiko harremana eztabaidagai den eta Nafarroako Parlamentuak Estatu buruzagitzaren gaineko erreferenduma eskatu duen garai berean. Etorkizuna eduki ahal izatea etorkizuneko plan bakarra izatearen edertasuna.

Espainiako Gobernura PSOE ailegatzeak aldaketa errealik ekar dezakeenik pentsatzeko burusoilegia naiz jadanik. PSOEren politikaren definizio gustukoena Xabier Arzalluzi entzun nion: «Onenak dira ardoari ura botatzen». Eta hori egiten saiatuko dira beste behin ere. Baina politikan ez da sekula aterik itxi behar. Gainera, euskaldunokin harreman berria nahi dutela, edo antzeko zerbait, esan dute.

Lan horretarako, Gure Esku Dagoren giza katean izandako hautetsi trebiñarrak izendatuko nituzke euskal herritar guztion ordezkari. Aurten 20 urte dira erabakitze eskubidea erreferendum bidez gauzatu zutela Trebiñun, eta argi adierazi Araba izan nahi dutela. Euren kokapen geografikoak, areago, ridikulu bihurtzen du egungo egoera mantentzeko edozein argudio. Ea zein erreforma proposatzen duen PSOEk trebiñarrek demokratikoki erabakitakoa ahalbidetzeko.

Baliteke egungo Trebiñu etorkizuneko Euskal Herria izatea.