15/06/2018

Aurpegi ezagunak Iruña-Veleiako auzia behingoz argitzearen alde

Iruña-Veleia Argitu ekimenak egindako manifestuan azaltzen denez, «ezin da denbora gehiago egon auzia argitu gabe; batetik, begi bistako arrazoi humanitarioengatik, eta bestetik, garrantzi ikaragarrikoa delako grafitoak benetakoak ala faltsuak diren jakitea». Izan ere, «gure herrian irekita dagoen auzi judizial zaharrena da». Piezen lagin bat arkeometrian adituak diren Europako laborategietan aztertzea eskatzen dute testuaren sinatzaileek.

Ion SALGADO|GASTEIZ
0615_kul_veleia

Iruña-Veleiako auzia argitzea, hauxe da Iruña-Veleia Argitu ekimenaren helburua. «Ezin da denbora gehiago egon auzia argitu gabe; batetik, begi bistako arrazoi humanitarioengatik, eta bestetik, garrantzi ikaragarrikoa delako grafitoak benetakoak ala faltsuak diren jakitea. Eta ez bakarrik euskararen historiarentzat, baita beste ezagutza arlo askorentzat ere», azaltzen da ekimenak atzo Gasteizen aurkeztu zuen manifestuan. Gontzal Mendibil musikariak eta Nekane Jurado ekonomistak irakurri zuten testua, hainbat sinatzailerekin batera egindako prentsaurrekoan.

Izan ere, izen handiko hainbat lagunen atxikimendua lortu du manifestuak, hala nola: Benito Lertxundi, Alex Sardui, Fermin Muguruza nahiz Eñaut Elorrieta musikariak; Andoni Egaña, Amets Arzalluz eta Xabier Amuriza bertsolariak; Pako Aristi, Toti Martinez de Lezea eta Patxi Zubizarreta idazleak; Eduard C. Harris arkeologoa, Garbiñe Biurrun epailea, Patxi Zabaleta euskaltzain oso eta abokatua, Xabier Orue-Etxebarria geologoa, Pablo Gorostiaga Laudioko alkate ohia, Maider Unda kirolaria eta Jabier Salutregi “Egin”-eko zuzendaria.

Eskaera zehatza plazaratu dute: «Badakigu erraza dela egia aurkitzea datazio teknika modernoak erabiliz, ohikoak egungo arkeologian, eta horregatik azpian sinatzen dugunok eskatzen diegu dagokien erakundeei ondorengoa egitea agindu dezatela: piezen lagin bat Arkeometrian adituak diren Europako laborategietan aztertzea. Gure ustez, hiru laborategi ezberdinetan egin beharko lirateke analisiak, kasu berezietako protokolo zorrotzak ezarriz. Eta parteekin zerikusirik ez duten arkeologo entzutetsuek indusketa kontrolatuak egin ditzatela Lurmenek grafien agerlekutzat seinalaturiko lekuen inguruetan».

Bederatzi urte instrukzioan

Manifestuak dioenari jarraituz, Arabako Aldundiak, 2008ko udazkenean hartutako erabaki baten bidez, «ofizialki faltsutzat jo zituen 2005 eta 2006ko jardunaldietan Iruña-Veleiako aztarnategian aurkitutako ‘ezohiko grafitoak’», eta horren ondorioz, Lurmen S.L. enpresari indusketa baimena kentzea erabaki zuen. Gaineratzen duenez, handik gutxira, zigor espedientea ireki eta auzibidean jarri zituen «enpresa horretako hainbat kide eta kolaboratzaile».

Ohartarazten duenez, «EHUko irakaslez ia guztiz osaturiko Batzorde Zientifiko Aholkulariaren zenbait txostenetan oinarrituta hartu zuen erabakia Foru erakundeak; piezak faltsuak zirela eta Lurmenen arkeologia jarduna txarra izan zela esaten zuten txostenok. Geroago, 2009 eta 2013 artean, Lurmenen defentsak hogei bat txosten aurkeztu zituen epaitegian guztiz kontrakoa esaten zutenak, hau da, piezak benetakoak izan daitezkeela eta Lurmenen arkeologia jarduna egokia izan zela. Hainbat naziotakoak dira txostenon egileak eta horietako gehienak izen handiko adituak grafitoetan agertzen diren gaietan».

Auzia bederatzi urte instrukzio fasean egon izana ere gogor salatu dute manifestuak: «Gure herrian irekita dagoen auzi judizial zaharrena [...], horrek Eliseo Gil Zubillaga eta Oscar Escribano Sanz auzipetuei ekartzen dien guztiarekin. Azkenik, 2018ko maiatzaren hasieran jaso dute auzipetuek akusazio idatzia: Eliseo Gilentzat Arabako Aldundiak zazpi urte eta erdiko kartzela zigorra eta 285.000 euroko isuna eskatzen du eta Estatuko Fiskaltzak bost urte eta erdiko kartzela eta ia 300.000 euroko isuna. Oskar Escribanorentzat, bost urte eta erdiko kartzela eta antzeko isunak».

ESKERRAK


Juan Martin Elexpuruk eta Idoia Filloyk eskerrak eman zizkieten manifestua sinatu duten guztiei. Eta herritarren atxikimendua bilatuko dutela iragarri zuten.