Gotzon Elizburu
Kazetaria
JO PUNTUA

Ukiezinak eta besteok

Lasai, justizia egingo da, horretarako dago gure sistema...». Ukiezina da Juan Carlos Espainiako errege emeritua adibidez, ez nik diodalako. «Palma auziko» epaileak berak esan du inputatuta beharko lukeela izan, baina bere figura ukiezina denez... Ukiezina izango zara guardia zibila (GZ) bazara. Jakin badakizulako Estatu aparatuen babesa izango duzula torturaren errealitatea ezkutatzeko, edo bestela, sisteman akatsak gertatu badira, zigor txiki eta indultuen bidez inpunitatez lasai bizitzeko. Baita kondekoratu ere, Billy el Niño bezala.

Guardia zibil batek bortxatzen bazaitu ere, abusu soil gisa izendatu eta zure jarrera zurituko dute. Epaile bazara eta zure kargupean GZren eskuetan torturatu eta bortxatu duten biktima bat zure aurretik pasata ez ikusiarena eginda, GZk berak Barne ministro izendatuko zaitu, Grande Marlaska bezala, Estatu interesen alde egin duzun lana eskertuz. Aldiz, Altsasukoa bazara eta GZ batek parrandan tabernako liskar batean orkatilan zaintiratua egiten badu, kartzelan ustelaraziko zaituzte azken eguneraino. 13 urtez.

Ukiezina da Barcenas, alfonbra altxatuko duela mehatxu egin duenez bere emazte Rosalia Iglesias 15 urtez espetxeratu beharrean fidantzapean aske utzi dutelako epaia behin betikoa izan artean. Ukiezina da Iñaki Urdangarin bera ere, erregearen koinata delako. Epaia behin betikoa izan arte Suitzan bizitzen utzi diote. Bai, kartzelatuko dute baina milioika euroko iruzurrak eginda ere 5 urteko zigorrarekin, 18 hilabeteren buruan permisoekin kalera ateratzen ikusiko dugu. Ez zait gaizki iruditzen presoei dagozkien eskubideen jabe espetxe onurak jasotzea. Baina ez dira ukiezinetakoak Xistor, Parot anaiak eta Jakes Esnal, eta beraz, zigorraren azken eguna bete arte etxetik ehunka kilometrora izango dituzte ziega estuan ustelarazten. 28 urte daramatzate.

Ez dira ukiezinak Puigdemont, Junqueras, Sanchez, Cuixart eta Kataluniako gainerako lider politikoak ere. Ukiezinak dira justizia denontzat berdina dela diotenen taldekoak, era guztietako pribilegioak jasoko dituztenak harresiaren alde batean zein bestean. Bai kasualitatea, ukiezinak espainiar sistema postfrankistaren klubekoak dira.