Floren Aoiz
@elomendia
JO PUNTUA

Altsasu: haserrealditik harago joan beharra

Ekainak 16, milaka eta milaka lagun bilduko gara Iruñeko karriketan, Altsasuko gazteen kontra erabili duten «gerla judiziala» salatzeko. Oldarketa krudel honek piztu duen haserrealdiak ez du aurrekaririk gurean, ez azken garaiotan bederen, egonezina orain arte protestatik at zeuden askorengana ere iritsi baita. Belaunaldi ezberdinak haserretzea lortu dute, eta gazte berriendako errepresioaren kurtso trinkoa bilakatu da. Gazte askok ikasi dute, bizkor ikasi ere, zer den etsai gisa hartzen zaituen estatu baten menpe bizitzea. Ikasi dute etsai gisa hartzeak ondorioak dituela, esaterako, beste batzuei edota beste leku batzuetan ezarriko ez ziren kodeak baliatzea, ordu txikitako lehia larritasun nagusiko eraso bilakaraziz. Ikasi dute Espainiarendako larriagoa dela Altsasukoa emakume baten talde bortxaketa baino.

Salbuespen justiziak ez du ezer frogatu behar. Ez ditu gertaerak argitu behar. Ez du akusatuen parte-hartzea agerian jarri behar. Aski da guardia zibilak eta bere bikoteak biktima gisa eta Altsasuko gazteak borrero moduan aurkeztea. Horrela, biktimak eta borreroak gertatu eta asmatutako indarkeria guzienak dira. Diskurtsoan eraikitzen da epaia aurretik eta parodian oso gustura parte hartzen duten epaileek sinatzen dute, ondotik.

Hori da Espainia. Hori da, zehazki, 78ko erregimenaren Espainia, Euskal Herrian gero eta haserre handiagoa pizten duena. Baina hori Espainian ere badakite, batzuek bederen. Atxikimendu eta espektatiba onuragarriak pizteko gaitasunik ez duen estatu horrek beldurra eta zapuzketa sorrarazi nahi ditu, menpekotasun harremanen jarraipena bermatzeko. Haserrea indar eraikitzaile eta eraldatzailea bilakatzea da, ordea, gure erronka. Karrikak beteta, geure buruari urrats berriak proposatu eta aurrera eraman behar ditugulakoan nago. Ez da erraza izanen, baina «pantaila» hau derrigorrean pasa beharko, salbuespen egoera iraunkorrean bizi nahi ez badugu.