Arantxa Manterola
Kazetaria
JO PUNTUA

Mutturrak

Asko poztu nintzen Occurrence enpresak manifestazioetan parte hartzen duen jende kopurua kontatzeko metodo bat asmatu duela jakin nuenean. Beti harritu nau hainbeste aitzinamendu teknologiko izaten diren garaiotan, oraindik mobilizazio jendetsuak neurtzeko teknika bat kausitu ez izanak. Itzal handiko komunikabideen eskakizunari jarraiki abian jarritako sistemak itxura ona du. Algoritmo bat eta 8 metroko garaieran ezarritako kaptadoreak baliatuta, halako marra birtuala egiten dute eta ordenagailuen bidez hainbat alditan egiten dute marra hori gainditzen duten pertsonen kontaketa. Jende-fluxuan izan daitezkeen beste gorabeherak ere kontuan hartzen dituzte kopurua doitzeko.

Ez naiz gauza teknika erabat zehatza den ziurtatzeko baina berriki Parisen sindikatuek egin dituzten mobilizazioak neurtu dituzte eta, emaitzak ikusita, fidagarriak iruditzen zaizkit, batez ere iturri ofizialek (Poliziak) eta antolatzaileek emandako kopuruen arteko aldearen tarte aski logikoan kokatzen direlako. Logikoa dela esateko nire eskarmentu xumean oinarritzen naiz. Izan ere, askotan gertatu izan zait manifestazioetan egindako kontaketetan antolatzaileen «mutturrak jatea» emandako parte-hartzearen kopuruarengatik.

Jakina, nire metodoa arestian aipatutakoa bezain sofistikatua ez da; ezta hurrik eman ere. Eta gainera, Ipar Euskal Herrian egiten direnak ez dira, normalean, oso masiboak izaten. Halere, beste hedabideren bateko kideekin kontrastea egin ohi nuen (ezta, Txato?). Azken garaiotan inor gutxik egin nahi izaten ditu kontaketak, hain zuzen ere, aurpegi txar horiek saihesteko. GARAk egiten dituenean, akatsak akats, bere kopurua ematen du.

Kontaketa sistema berritzaile hau (edo beste bat) sinesgarritasun gehiago izatera hel daiteke, eta erabiltzeak neurriz kanpoko kostu ekonomikoa ez badakar bederen, espero dut denborarekin arrunta bilakatuko dela. Dena den, Estatu frantsesean bezala, antzeko tekniken bultzatzaile hedabideek izan beharko dutelakoan nago, mobilizazioen antolatzaileen eta Poliziaren arteko desadostasunak saihetsezinak izaten segituko baitute.