Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Euliek matxarda sudurrean...

Ez da ez baikor sentitzeko garaia, ezertara ere ez. Pentsa, eguneko prentsa edozein orritan zabaltzen duzula ere, hara!, horra hor ezkor izateko hamaika motibo orri berean, eta horietariko asko arrazoi! Baita Munduko Futbol Txapelketan ere. Mon dieu!

Baina gauzak neurriz hartu behar dira, dramatizatu gabe, tenplatuan. Hortaz, ez du merezi ezkor izatea, nire laguna den modukoa; atzo erabat burumakur ikusi nuen plazan, eta motiboa? Eguna laburtzen hasia dela! Ene, ene! Ez dago gauza txarragorik ezkor pasiboa izatea baino, ezkor aktiboa balitz sikiera! Hobe hori baikor pasiboa baino! Ezkortasuna nahiago baikorkeria bainoago.

Tira, harira! Justizia, izena eta izana. Nire miratokitik ezkortasun aktiboaz ikusten dut “Justizia” izeneko hori, uste osoa baitaukat hortixe etorri daitekeela 32 orduko lan astea ezartzea, baita 28koa ere! Zelan uztartu bestela lana eta protesta? Izan ere, justizia demontre horrek gero eta gehiago eskatzen du herritarrak plazako kaleak hartzea, horretan gero eta denbora gehiago hartu ere… Agerian geratu da aurretik ere agerian zena, hots, legeari gizonek jartzen diotela letra, eta letra gizonek interpretatzen dutela gizonkeriaz. Eta gainera, espazioan eta denboran urrunetiko letrak direla…

Ez da harritzekoa egunotako plazen beroa, planetako beroketa globala areagotu arren. “Ez ezetz da, justizia!” irakurri nuen plazako pankarta batean, banan-banan itsatsitako letrekin idatzita. Derrepentean haize ufada etorri zen ondoko plazatik eta letra guztiak nahastu zituen, beste ordenan jartzeko: “Ez da justizia, ezetz”.

Oihuak zabaldu ziren plazatik; “Justizia kaka hutsa da” behin eta berriro, pausarik gabe. Nik ez nuke hainbeste esango, baina egia da Epaitegiko balkoi batetik, hainbat epai idazten diren aretokotik hain zuzen ere, euli mordoa ateratzen ikusi nuela, sudurrean matxarda ipinita…