WSL Hegoafrikan: Ballito Pro eta Corona Open J-Bay
Gaur hasiko da lehen mailako munduko txapelketa Jeffreys Bayn, baina azken egunotan beste txapelketa garrantzitsu batzuk ere izan dira Hegoafrikan. Ballito Pro lehiaketa Sofia Mulanovichek eta Peterson Crisantok irabazi zuten.

Sofia Mulanovich perutarra eta Peterson Crisanto brasildarra izan dira aurtengo Ballito Pro txapelketako irabazleak. Munduko WSL (World Surf League) zirkuituak ordea, Hegoafrikan jarraitzen du. Gaur hasiko da uztailaren 13 arte luza daitekeen Jeffreys Bayko txapelketa mitikoa. Tarte horretan itsaski sendo bat sartzen den unean hasiko dira lehen txandak egiten.
Azken asteetan bigarren mailako (QS) txapelketa ugari izan da Hegoafrikan, batez ere nesken kategorian. Ez dituzte txapelketa guztiek puntu berak eskaini, baina gaur hasiko den Jeffreys Bayko txapelketa lehen mailakoa izango da. Han izango dira lehen mailan (CT eta WCT) lehian ari diren 34 mutil eta 17 neskak.
QS mailako 8 txapelketa egin dituzte Hegoafrikan neskek apiriletik hona. Azkenengoa Ballitokoa izan zen, baina ez zen izan txapelketa garrantzitsuena, soilik 1.000 puntuko lehiaketa baitzen. Mutilen kasuan, ordea, Ballitokoa txapelketa garrantzitsua zen, 10.000 puntu eskaintzen baitzituen.
Aurtengo QS zirkuitua osatzen duten 67 txapelketetatik soilik 6 lehiaketatan lor ditzake 10.000 puntu irabazleak eta aurten egin den mota honetako lehen txapelketa izan da Ballito Pro. Kontuan hartu behar da 10.000 puntuko txapelketa bat irabaztea QS mailan lor daitekeen puntu bilketa gorena dela.
QS mailan mundu osoan lehiatzen diren lehiakideek nahi adina txapelketatan parte har dezakete, baina soilik bost emaitza onenak hartzen dira kontuan, horregatik da garrantzitsua puntu gehiago eskaintzen duten lehiaketetan emaitza onak lortzea. Peterson Cristiano brasildarrak, esaterako, QS ranking orokorrean lehen postua eskuratu du Balliton irabazi ostean.
Peterson Crisanto
Metro bateko eskuin olatu azkarrak izan ziren Ballito Pro txapelketan. Willard Beach hondartzan egin zuten txapelketa eta hondoak finkoak ez izan arren (harea) tubo bat edo beste ere ikusi ahal izan zen itsasbeheran egin zituzten txandetan.
Bi eskuin surflari (regular) iritsi ziren azken txandara, bata gaztea, Peter Crisanto 26 urteko perutarra, eta bestea Jack Freestone australiarra, 30 urte dituen arren lehiakide beteranoa. Edonola ere, ez zen aireko ariketa askorik izan, zeren epaileek ariketa klasikoak gehiago puntuatzen zituztela ohartu ziren lehiakideak. Hortaz, olatua ariketa indartsu batekin hasi eta olatuaren amaieran azken bira erradikal bat egiten saiatzen ziren surflariak.
Azkenean brasildarra nagusitu zen. Bere bi olatu onenekin 16,93 puntu eskuratu zituen Crisantok (8,73 + 8,20) eta Freestobnek ostera, 14,13 puntu bildu zituen (7,83 + 6,30). Ondorioz, txapelketa aitzin Crisanto QS rankingean 42. postuan zegoen eta 10.000 puntuko saria irabazi ostean lehen postura igo da.
«Oso gogor lan egiten aritu naiz emaitza onak lortzeko eta azkenean nire momentua iritsi da. Denboraldiko bigarren zatia falta da oraindik eta oso garrantzitsua da niretzat entrenatzen jarraitzea», adierazi zion Crisantok WSLko kazetariari.
Nesken kategorian 1.000 puntuko txapelketa zen; beraz, ez zen oso txapelketa garrantzitsua, baina Ballito Pro izen handiko lehiaketa izaki ikusmina sortu zuen nesken txapelketak ere. Sofia Mulanovich perutarrak 11,25 puntu bildu zituen (6 + 5,25) eta Philippa Anderson australiarrak, berriz, 9,10 puntu (4,25 + 4,85).
Rankinga alda daiteke egunotan
CT zirkuitua amaitzeko sei txapelketaren faltan, Julian Wilson da egun ranking nagusian buru, baina hurrengo lau postuetan dauden lehiakideak brasildarrak dira; Filipe Toledo bigarren, Italo Ferreira hirugarren, Gabriel Medina laugarren eta Willian Cardoso bosgarren.
Nesken WCT zirkuituan, ostera, Lakey Peterson estatubatuarra da buru rankingean. Bere atzetik, Stephanie Gilmore australiarra, hirugarren postuan Tatiana Weston-Webb brasildarra, laugarren postuan Tyler Wright australiarra eta bosgarren postuan Johane Defay frantsesa.
Aitzitik, gauzak goitik behera alda daitezke Jeffreys Bayko txapelketaren ostean, bai nesken bai mutilen rankingean.

«Que solo se permita comprar casas para vivir es legal, está sobre la mesa»

Martxoaren 3ko biktimen aurka jo du Gasteizko gotzainak: «Tentsioa dago»

Los kurdos lo pierden todo contra Damasco

«Xeberri eta biok hiru kantaldi egun berean egitera iritsi ginen»
