GARA
DONOSTIA

Galtzagorrik «Behinola» aldizkariaren 37. zenbakia kalean du dagoeneko

Galtzagorri haur eta gazte literatura elkarteak argitara ematen duen “Behinola” aldizkariaren 37. zenbakiak argia ikusi du.

“Sormenez” atalean Txiliku idazlearen kontakizuna aurki daiteke Lorena Martinez Oronozen ilustrazioez lagunduta. Bereak dira, baita ere, aldizkariaren azala, kontrazala eta hitzaurrea irekitzen duen irudia. Erreportaje nagusian, haur eta gazte literatura balioen eta emozioen transmisioarekin lotu dute, “Haur eta gazte literatura: amaorde pedagogikoa ala arte-sorkuntza” goiburupean gogoeta landuz. Hausnarketa hori denboran zehar eta hainbat tokitan geldialdiak egiten dituen tren bidaia bilakatuta, Mariasun Landa, Bernardo Atxaga eta Anjel Lertxundiren iritziak bildu dituzte. Begoña Ibarrolaren eta Juan Karlos Alonsoren iritzi artikuluak ere irakur daitezke, baita Antxiñe Mendizabal editoreari egindako elkarrizketa ere.

“Lau eskutara” atalean irakurtzeko ohituren nolakotasuna ezagutu nahi izan du Galtzagorrik bi gune desberdinetan. Amaia Hennebuttek Libanoko siriar kanpalekuetako eta Joan Portellek Japoniako esperientziak kontatu dituzte “Behinola”-ko zenbaki honetan.