10/07/2018

Haur eta gazte literaturako bost lan berri argitaratu ditu Ereinek

Nerea Arrienek, Joxerra Garziak, Nerea Loiolak, Ramon Olasagastik eta Laida Martinezek haur eta gazteei zuzendutako lan bana argitaratu dute Erein argitaletxearekin batera.

GARA|DONOSTIA

“Eskola hodeian” du izenburu Nerea Arrienek argitaratu duen azken lanak. Kleo, gaixo dagoen neskatila, eta Kevin, gurasoen lan proiektu batean barneratu- ta, hara eta hona dabilen gazte- txoa, ditu protagonista. Bizitza bera den eskola du aztergai Arrienek kontakizun horretan, nahiz eta bi pertsonaiok ez diren «eskola fisikora» joaten. Li- buru honetan eskolari ateak apurtzeko beharra plazaratzen da. Bizitza eta mundua bertan sar daitezen. Hodeiko eskolak irekiko die atea protagonistei eta, era berean, garai teknologikoko onuretan ohartzeaz gain, gabeziei ere erreparatuko die lanak; konektatuen inkonexioa, bakardadea, pertsonen digitalizazioa... besteak beste.

Joxerra Garziak sinatutakoa da, bestalde, “Malen labirinto madarikatuan” ipuina. Igeldoko jolas parkea du helduleku, hain zuzen, bertako labirintoa. Zurrumurruei ere leku egingo die; Donostian desagertu ziren pertsona batzuk hantxe galdu ote ziren edo... Egun batez, kalean asper-asper eginda daudela, Igeldora igo eta labirintoan sartzea proposatuko die Malenek lagunei. Besteek ezezkoa eman eta protagonista bera bakarrik sartuko da labirintoan. Barruan, hainbat pertsonaia bitxirekin egingo du topo eta lanak izango ditu irteera aurkitzeko.

Nerea Loiolarena da zerrenda honetan hirugarrena, “Harri bat poltsikoan” lana, Rocio Irigoyenen ilustrazioez lagunduta osa- tu duena. Xana du protagonista. Magia eta ilusioa nahasten ditu kontakizunean egileak. Xanak zebra-bidearen gainean jolas egitea du gustuko. Marra beltzak zapaldu gabe igarotzen da bertatik. Haiek zanpatu gabe pasaz gero, hegoak aterako zaizkiola irudikatzen du, eta halaxe joaten da egunero ikastolaraino, besoak astinduz, hegaztia balitz bezala. Egun batean, ordea, zebra-bidea marra beltzik zapaldu gabe igaro duenean, gauza zora- garri bat gertatuko zaio.

2017ko Lizardi Saria irabazi ondoren argitaratu du orain Ramon Olasagastik “Sasiolako errotaria”. Ipuinak errota zahar eta abandonatu baten inguruan korapilatzen den misterio argitu gabe bat du hari nagusia. Katramila horretan, bi plano tenporal nahasten dira: bata, gaur egungoa, hamabi-hamahiru urte inguruko neska eta mutil kozkorren egunerokoa; eta bestea, joan den mendeko 50eko hamarkadako urteak, neska eta mutil kozkor horien aitona-amonak ume ziren garaia. Gertaera ilun baten ondorioz, Sasiolako azken errotaria, Jatsu, desagertu egin zen, eta geroztik, hainbat susmo, kondaira eta kontu gorpuztu dira herrian.

Azkenik, “Zomorroen kluba oporretara doa” argitaratu du Laida Martinezek, “Zomorroen kluba” eleberriaren jarraipena. Bertan ere Teresa izango da protagonista nagusia, 13 urteko neskatila bat. Beltzarana da eta institutuan «labezomorro» esaten diote. Bi lagun ditu; Alicia eta Paula, «inurrierdi» eta «armiarma» deitzen diete. Hirurek osatzen dute zomorroen kluba eta pairatzen ari diren bulliyngari aurre egin beharko diote.