Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Giza harremanen «Erlauntza»

Hauskorrak eta, aldi berean, iraunkorrak dira erlauntzak. Laguntasuna bezalaxe. Horrexegatik hautatu du Kepa Errastik «Erlauntza» izenburua bihar Donostiako Victoria Eugenian estreinatuko duen komedia garatzeko: sekretu eta aitorpen artean, haurtzaroko sei lagunen bilkurak denerako emango du. Igandera arte izango dira emanaldiak.

Haurtzarotik lagun izan diren sei emakume asteburu pasa joan dira landetxe batera, horietako baten ezkon aurreko agur festa ospatzera. Irrikaz daude seiak, inhibiziorik gabeko asteburu askatzaileak ekarriko duenaren xerka. Aurreikuspenak, baina, ez dira beti betetzen: esandakoak esan gabeko kontuekin nahastuko dira, trapu zaharrak astinduko dira, alkoholez blai isilpeko sekretuak aireratuko dituzte... «Udako gau bero horietako batean, bakoitzaren sekretu txiki horiek, minak eta gezurrak, ezagutuko dituzte», laburbildu du Mireia Gabilondok. Bera da Kepa Errastik idatzitako testua oholtza gainean zuzendu duena. «Nahiz eta gizonezkoa izan, andrazko kuadrilla baten harremanez hitz egin nahi izan du», nabarmendu du, eta obrari izenburua ematen dion hitza, «erlauntza», metafora gisa erabili duela argitu du: «Erleek badute beren artean komunikatzeko sistema berezi bat, hitzik egin gabe antolatu egiten dira erlauntza bat bezalako egitura horren hauskor eta aldi berean iraunkorra osatzeko. Gizarte txiki baten modukoa da», zehaztu du.

Obrarako Fernando Bernuesek prestatu duen eszenografiak ere itxura hori izango du: landetxea izango da atrezzoaren muina, baina izango dira (irudian ikus daitekeen bezala) erlauntzaren egitura gogora dakarten elementuak ere.

Erlauntzeko sei biztanleak, aldiz, Itziar Atienza, Aitziber Garmendia, Sara Cozar, Getari Etxegarai, Leire Ruiz eta Naiara Arnedo dira. «Bakoitzak du bere nortasuna, kuadrillaren barruan bere rola jokatzen du eta, lagunen artean gertatu ohi den bezala, zure izaeraren arabera eta bizi duzun momentuaren arabera, batzuetan gertuago zaude batzuengandik eta besteetan besteengandik. Ez da bakarrik nolakoak garen, baita egoera jakin batean nola sentitzen garen ere. Sei pertsona ezberdin dira, baina seiren artean osatzen dute erlauntza berezi hori», zehaztu du Gabilondok.

Komedia garratza, ez arina

Zentzu horretan, Errastiren gidoia «komedia garratz» gisa deskribatu du, «mikatza eta gogorra aldi berean, ze ez da erraza benetako gauzez hitz egitea, benetako harremanez eta min egiten diguten gauza horietaz. Barruan zerbait apurtzen zaigunean, hortik barre egitea ez da erraza». Errastiren gidoia «negar eta barre batera egiten den leku horretatik» idatzia dagoela uste du Gabilondok. «Komedia da, bai, baina ez komedia arin bat».

“Erlauntza” antzezlana bihar estreinatuko da, 20.00etan, Victoria Eugeniako Klub aretoan. Bihartik ostiralera emanaldi bana egingo dute, guztiak ordu berean (20.00), larunbatean bi saio izango dira (20.00 eta 22.00) eta igandean bakarra (19.00).

Gaztelaniazko bertsioa, irailean

“Erlauntza” antzerki obraren gidoia euskaraz idatzi du Kepa Errasti antzezle eta gidoigileak eta Mireia Gabilondoren zuzendaritzapean estreinatuko da euskarazko bertsioa, esan bezala, bihar, eta saioak izango dira asteburuan ere.

Gidoia Antzerkigintza Berriak programako lan sarituetako bat izan zen eta, beraz, Donostiako Victoria Eugenian estreinatu ostean Gasteizko Principal antzokian eta Bilboko Arriaga teatroan ere oholtzaratuko dira, hiru antzoki horien laguntzaz osatu baitu Vaiven konpainiak “Erlauntza” antzezlana.

Mireia Gabilondok azaldu duenez, irailaren hasieran estreinatuko dute gaztelaniazkoa, “El enjambre” izenez. «Hasieran euskaraz bakarrik egin dugu eta data horretatik aurrera, euskaraz eta gaztelaniaz, bietan ikusteko aukera izango da». Gaztelaniazko bertsioa irailaren 7an estreinatuko da Gasteizko Principal antzokian, eta irailaren 8 eta 9an ere oholtzaratuko dute bertan. A.A.