Maider IANTZI
GASTEIZ

Euskara, sardiniera, bretoiera eta kareliera, bizitasun digitalaren alde

Hizkuntza aniztasun digitalaren Europako proiektua amaitzear dago eta Gasteizen elkartu ziren atzo bukaera ekitaldia egiteko. Hiru urtean elkarlanean aritu dira Elhuyar eta nazioarteko hainbat eragile, hizkuntza gutxituen bizitasun digitala neurtu eta aurrera egiteko baliabideak emateko helburuarekin. Euskara eredu izan da.

EHUren Gasteizko Letren Fakultatean jatorri anitzetako lagunak bildu ziren. Erasmus+ programan hiru urteotan garatu den Hizkuntza Aniztasun Digitalaren Europako Proiektukoak (Digital Language Diversity Project, DLDP) ziren. Gasteizen egin zuten atzo bukaera ekitaldia. Bertan izan ziren Hizkuntza Gutxituetako Hiztun Gazteen bigarren Topaketakoak ere (HIGA!).

Kareliera (Errusian eta Finlandian mintzatzen da), sardiniera, bretoiera eta euskara landu dituzte. Xedea hizkuntza gutxituen bizitasun digitala neurtzea eta aurrera egiteko baliabideak ematea izan da. Claudia Soriak (Consiglio Nazionale delle Ricerche, Pisa, Italia) eta Klara Ceberiok (Elhuyar) GARAri azaldu ziotenez, maila ezberdinetan daude hizkuntza gutxitu hauek. Eskalaren parterik baxuenean kareliera dago, erdialdean sardiniera eta bretoiera, eta goian euskara. Hortaz, gure hizkuntza adibidetzat hartu dute.

Elhuyarrek egitasmo honetan parte hartu du nazioarteko hainbat taldekiderekin batera: Pisakoak, ELENekoak (Estatu frantsesa), Mainzeko Unibertsitatekoak (Alemania) eta Kareliar Hizkuntza Elkartekoak (Finlandia). 2015ean ekin zioten lanari eta abuztuan bukatuko dute. Orduan edozein hizkuntza gutxituri aplikatzeko moduko inkesta bat aurkeztuko dute, baita Biziraupen Digitalerako Kit-a eta trebakuntza programa bat ere. Guztia publiko eginen dute webgunean, irail-urri aldera, hizkuntza guztietan. Dagoeneko material ugari dago kontsultatzeko (www.dldp.eu).

Bide-orri bat prestatuko dute erakundeentzat, beharrak identifikatu eta dagozkien ekintzak bultza ditzaten. Gainerako emaitzak publiko orokorrarentzat izanen dira, interneten oinarrizko ezagutza duen edozein pertsonarentzat.

Soriak eta Ceberiok oroitu zutenez, lehenbiziko bilera Pisan egin zuten, 2015ean. «Bertan ardurak banatu genituen, baina denok parte hartu dugu gauza guztietan. Aurrez aurreko bi bilera egin ditugu urtean, Usurbil, Helsinki, Mainze, Pisa eta Gasteizen, eta Skype bidez komunikatu gara bestela».

Egitasmoko kideek aditu sare bat izan dute lagun. Unibertsitatekoak, aktibistak, komunitate ttikietakoak dira; bertzeak bertze, Gales, Latinoamerika, Afrika, Ipar Amerika eta Australiakoak. «Komentario oso baliagarriak egin dizkigute».

  

HIGA! gazteen topaketa

Hizkuntza Aniztasun Digitalaren Europako Proiektuaren ekitaldiaren bezperan, toki berean, HIGA! Hiztun Gazteen bigarren Topaketa bukatu zen. Beñat Garaio antolatzaileak kontatu zigunez, astelehenetik ostegunera mundu osoko 65 hizkuntza ekintzaile ibili ziren elkarlanean... eta elkarbizitzan. 32 hizkuntza gutxitutako hiztunak ziren. Laguntzaile ugari izan zuten eta guztiak kontuan hartuta 110 pertsona bildu ziren, gehienak Estatu espainolekoak (euskaldunak, katalunak, galiziarrak, aragoiarrak eta asturiarrak). Galestarrak ere bai, hegoamerikarrak... «Goizetan, EHUn, hitzaldiak izan ditugu, formaziorako. Hizkuntza politikaz, ekintzailetzaz, asertibitateaz... Jon Sarasuak hitz egin du eta gazte famatuen solasaldiak ere izan ditugu. Goizetako azken dinamika gogoeta izan da, egoera aztertu eta ondorioetara iristeko», agertu zuen gazteak.

Azken egunean, hizkuntzen egoera hobetzeko konpromiso batzuk hartu zituzten. Dokumentu bat sinatu zuten denek. Konpromisoen artean daude nazioarteko gazte sare bat eratzea, gazteen indarra aprobetxatuz anbizioa izatea eta pauso bat harago joatea eta hizkuntzak ikusgarriago egitea.

Garaiok esplikatu zuenez, egoera hagitz ezberdinak bizi dituzte hiztun batzuek eta bertzeek (adibidez, hizkuntza batek 25 hiztun izan ditzake eta bertzeak 8 milioi), baina lortu dute zerbait orokorra adostea eta konpromiso horiekin guztiak eroso sentitzea.

Arratsaldeak, berriz, aisialdirako eta harremanak estutzeko baliatu dituzte. Kontzertuak, bisita gidatuak, dantza... izan dituzte eta elkarrekin egin dute lo. 24 orduz batera egon dira. «Bi helburu izan ditugu. Alde batetik, Gasteizera hizkuntza aniztasun hau ekartzea eta bertako gazteek hori jasotzea. Bestetik, etorkizunera begirako gazte sare bat eratzea, elkarlanean gauzak egiteko esperantzan».

Beñat Garaioren balantzea bikaina da. «Oso esperientzia polita izan da, oso-oso ondo atera da, formazio aldetik eta bereziki giro aldetik. Duela zazpi urte egin genuen lehendabizikoz. Gasteizko Udalak antolatu du. Xumea izan da, baliabide batzuk falta genituelako, eta ondo legoke 2020an egingo dugun hirugarren ekitaldirako beste erakunde batzuek ere bultzada ematea, ekimena mamitsuagoa izateko», adierazi du.