Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Iñigo Arregiren ibilbidea biltzen duen katalogoa argitaratu dute

«Iñigo Arregi. Eskultura 2008-2018» katalogoa irekitzen duen aldiro, bere lanaren ertz berriak ikusten dituela dio eskultore arrasatearrak. Bere ibilbide eskultorikoa laburbiltzen du Kur galeriaren laguntzaz argitaratu duen katalogoak, eta, hain zuzen ere, areto donostiarrean bertan jarri ditu ikusgai azken hiru urteotan egin dituen hainbat obra, irailaren 15era bitarte. Gainazalekin esperimentazio betean dabilela dio Arrasateko eskultoreak.

«Begira, ikusten duzu mutiko hau?», esan digu Iñigo Arregik, hatz erakuslea bere ibilbideaz diharduen “Eskultura 2005-2018” katalogoa irekitzen duen orrian paratuta. Irudiaren eskuinean ile beltzeko mutiko bat ageri da, baina, argazkiaren fokua erdian, garabiak jasotzen duen eskulturan, dago. «12 urte nituenetik 16 nituenera arte egon nintzen Arantzazun eskolak hartzen. Hau absideko apostoluak jarri zireneko unea da: Oteizaren lan guztia jarraitu nuen bertatik bertara. Handik irten nintzenerako banekien artista izango nintzela, eta, orduz geroztik, ez naiz geratu», ziurtatu du.

Eskulturan hasi bazen ere, berehala jo zuen pinturara, «ez dakit zergatik, kontu praktikoengatik seguru asko. 16 urterekin eta Arrasaten, eskultore modura, esango didazu ze ibilbide izan nezakeen… Orduan, hasi nintzen margotzen, erakusketak egiten nituen urtero, eta esaten zidaten nire pintura oso eskultorikoa zela kontzeptuari eta ordenari zegokienez, eta pasa nintzen berriro eskulturara. Azken hamabost urteotan, eskultura bakarrik egin dut». Dozenaka erakusketatan parte hartzeaz gainera, bere obrak Euskal Herriko txoko askotan ikus daitezke, esate baterako, Elgoibarreko Kolunbarioan edota Gasteizko Posta kalean (aurtengo Aste Santuan jarri dute).

«Liburuan azaltzen da mutikotatik gaur arte egin dudan ibilbidea. Lehenengo zatian ikusten dira oso azkar lehen urteetako lanak, eta gero zentratzen da 2005etik 2018ra arte. Hor ikusten da, lasai, ze eboluzio izan duen nire obrak eta uste dut argitzen dituela galdera asko. Adibidez, urtetan obra oso bertikalak egin ditut eta orain hasi naiz gauza horizontalak egiten; hor aldaketa inportantea dago, beste proposamen batzuetara zabaltzen naiz». Liburuak, Kur galeriaren laguntzaz eta “Iñigo Arregi. Eskultura 2005-2018” izenaz argitaratua, berrehun obratik gora biltzen ditu 260 orrialdetan eta Josemari Velez de Mendizabal, Fernando Golcano, Rafael Castellano, Jean-François Larralde, Mikel Onandia eta Bertrand Courtaigneren testuak ere baditu.

«Nik ez dut egiten ez bozetorik ez ezer», zehaztu digu liburuko orriak behatzen dituela, «zuzenean egiten dut lana: ideia bat dut, garbi, eta lanean hasten naiz. Batzuetan ideia hori esperimentala da guztiz, eta beste batzuetan argumentatua izaten da, enkargua delako edo ideia zehatz bat dudalako. Bi modu oso diferente dira lanerako».

Bere obrekin erakusketa mordoa egin dituela ekarri du gogora, eta horietako askotan katalogo bat argitaratu dela, baina orain artean ez zuen bere obra osoa biltzen zuen argitalpenik. Zentzu horretan, eskertuta agertu da Kur galeriarekin: «Liburuan ikusten da ze prozesu egon den, ze momentutan nagoen… Artistoi gertatzen zaigu obrak saldu egiten ditugula edo geratzen direla estudioan gordeta, eta ez dugu izaten egindako lana bere osotasunean ikusteko aukera. Sorpresa sentsazioa dut oraindik ere liburua irekitzen dudanetan; ez dakit zenbat aldiz begiratu dudan eta oraindik ere pertzepzio berriak izaten ditut», aitortu du.

Beltza, zuria eta grisak dira Arregiren obretan nagusi, kolore itzaliak, baina tarteka pintura gorriz estaltzen ditu hainbat obra; osorik batzuetan, zatika besteetan, lanaren alderdi bat nabarmendu edota kontrastea sortzeko. «Korten altzairuarekin egiten dut lan eta normalean ez dut erabiltzen kolorerik, baina bitxia da, batzuek ‘gorriaren artista’ gisa izendatu izan bainaute. Azken urteotan erliebeetan eta erabili izan dudala egia da; kolore batean pentsatzen dudanean gorria etortzen zait burura, eta, bitxia da, margolaria nintzenean ez nuelako ia erabiltzen, urdinzalea nintzen, berdea agian… Baina, eskultore bezala, gorria da geratu zaidan kolore bakarra». Azaldu digunez, naturarekin kolore hotzek baino hobeto ematen dute beroek, kontrastea indartzen dutelako.

Azken hiru urteotako obrak

Galeria donostiarrera bildu dituen lanak azken hiru urteotan egindakoak dira. Zurezko tamaina handiko bi eskultura (beltza bata, gorria bestea), tamaina txikiagoko beste zenbait obra eta hainbat erliebe ekarri ditu. «Obra larregi ez dugu jarri nahi izan, arina izan dadin». Hormetan eskegita, koadro formatua duten eskulturen serie bat ere ezarri du: erliebe eta gainazalekin jokatuz, sakontasuna eta mugimendua eman die Arregik obra horiei. «Nahiz eta marrazki itxura duten, niretzat eskulturak dira. Hauek dira egin ditudan azkenak –esan digu, seriera hurbilduz–. Fijatzen bazara, argazkiekin egindakoak dira: argazkiak manipulatu eta gero arkatzekin bukatzen ditut».

Argazkiak, arkatza eta erliebe-jokoak batzen dituen fase esperimental batean dagoela dio. «Ez dakit hemendik zer aterako den, baina bai, gainazalekin jolasean nabil», hausnartu du, eta horrek material berriekin lan egitera eraman duela kontatu digu: «Gehienbat burdinarekin lan egiten badut ere, material asko erabiltzen ditut, brontzea, egurra, plastikoa ere bai… Azkenaldian, zementuarekin ere banabil esperimentatzen. Zementuarekin beste azal bat hartzen du obrak, kolorea ere ezberdina da… Estetikoki ikusten da nirea dela lana, baina beste diskurtso bat da, beste sentsazio bat ematen du».