Debako Arte Eskola «desagertze arriskuan» dagoela salatu dute
Une zailak bizi ditu Debako Arte Eskolak. Gasteizko Gobernuak gune honen mantenura bideratzen dituen baliabideak erdira murriztuko direla jakin ostean, Udalak eskola mantentzeko ezintasuna agertu eta itxiera gain-gainean ikusten dute irakasleek. Antzinako ofizioen eskolak etorkizuna izan dezan alternatibak egon badaudela uste dute.

Ekainaren 7an Arte Eskolaren ardura duen patronatuarekin –Debako Udalaren esku dago– izandako bileraren ostean, arduratsu agertu dira irakasleak. Beldur dira, urrian hasi beharko lukeen ikasturterako eskolako ateak itxita egongo ote diren. Izan ere, Gasteizko Gobernuak eskolara bideratzen duen laguntza 90.000 eurotik 48.000ra jaitsi du eta, egoera ekonomiko berriaren aurrean, Udalak eskolak sortzen dituen gastuei ezin diela aurre egin jakinarazi zieten.
«Ezin dutela jarraitu esaten dute», kontatu du eskolako irakasle Juan Luis Baroja Collet-ek, «baina horretarako borondaterik dutenik ere ez dugu ikusten». Haren hitzetan, Udalak «zerbait» egin behar dela esan bai, baina erabakia irailera atzeratu du langileei –hiru irakasle finko, bestelako kontratuen bidez dabiltzan bi eta idazkaria– euren etorkizunaren gaineko zehaztapen gehiagorik eman gabe. «Bilera hartan galdetu zitzaien ea kaleratze gutuna jaso behar dugun, baina alkateak ezetz, irailera arte itxaroteko esan zigun, nonbait eskolaren birdimentsionatzea ari direla pentsatzen», zehaztu du.
Egun, Debako Arte Eskola bi eraikinetan dago banatua. Lehena, nagusia, herriko erdialdean dago eta bertan ematen dituzte, besteak beste, grabatua eta pintura, eta Artzabal auzoan duten bigarren egoitzan dute fundizioa. Zeramika eskolak ere bigarren eraikin honetan ematen dira. «Antigoaleko zentral elektriko bat da, oso zaharkitua dagoena, eta hura egokitzeko dirudik ez dagoela esaten dute. Nik uste, eskolaren zikloarekin amaitzeko argudio gisa darabilela», nabarmendu du.
Baroja Colleten iritziz, birdimentsionatze horrek eskola hankamotz utziko luke: Artzabaleko eraikina ixteak bertan ematen diren eskolak herriaren erdialdean duten egoitzara eramatea ekarriko luke, «eta hori ezinezkoa da, herrigunean ezin baita soinurik atera». Horrek, funtsean, fundizioa eta harriarekin egiten duten lanketa, eskolaren ikur nagusi dena, desagertzea ekarriko luke.
Ez hori bakarrik: Donostiako Arteleku itxi zenean, bertako zenbait lan ildo –serigrafia eta litografia tartean– eskolara eraman zirela eta, beraz, eraikinak beste diziplina bat hartzeko espazio fisikorik ez duela nabarmendu du Baroja Colletek.
Borondate falta
«Beraiek duten asmoa da eskola egun ezagutzen dugun bezala desagerraraztea, eta arratsaldetako tailer okupazional formatua hartzea, gertuko jendearentzat izango litzatekeena. Horrek ez du zerikusirik arte eskola batekin», argudiatu du. Planteamendu honek, Baroja Colleten hitzetan, talka egiten du aurreko udal ordezkariekin izandako elkarrizketetatik eratorritakoarekin. Egun, Pedro Bengoetxeak gidatutako bizilagun talde baten esku dago Udala, baina aurretik EH Bilduk zuen alkatetza. «Kontraesankorra da guztiz. Aurreko legegintzaldietan ere udal ordezkariak Arte Eskolak finantziazioari zein azpiegiturari begira zituen zailtasunen jakitun izan dira, baina alternatibak bilatzeko borondatea erakutsi dute beti, batez ere harriari lotutako alorrari dagokionez». Azaldu duenez, mahai gainean egon dira kultur proiektu ezberdinak, Diputazioarekin elkarlana sortu, eraikin bat berritu eta Artelekuko bi tailer ekartzea ere lortu zen. «Proiektua testuinguru berri batean kokatzeko ahaleginak» egin ziren, baina udal gobernu berriaren aldetik urrats horiekiko «interes gutxi» egon dela eta, 2017an, Diputazioak Artelekutik berreskuratutako ikastaroentzat ematen zuen laguntza ekonomikoa ere «kendu» egin zutela salatu du: «Guk dakigula, ez dute hori ekiditeko inongo kudeaketarik egin».
Bide batez, egunotan banatzen ari diren “Deba berri” udal agerkariko zenbait informazio ere gezurtatu nahi izan ditu: irakasleen klaustroari iritzirik «sekula» ez zaiola eskatu esan du, Udalarekin behin bakarrik bildu direla zehaztu du eta Lakuako Hezkuntza Saila eta Udala «hainbatetan bildu direla jakin badakigu ere, ez gara gonbidatuak izan. Lehen aldia da Hezkuntzak zentroaren gaineko zirriborro bat aurreratua zuela esaten dutela, eta zalantza egiten dugu hori horrela ote den». Dena den, testuan proposamen hori baztertua dutela esaten da.

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias

Peixoto, euskararen eskutik abertzaletu zen betiereko militantea

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda
