San Juanek ez du ezusterako zirrikiturik ere uzten
Zortzi segundoko aldearekin menderatu du Orio, eta iazko arantza atera du.

Euskotren Ligako hamar estropadak, Gipuzkoako Txapelketa... eta Euskadikoa ere bai. Pasai Donibanek dena irabazi du oraingoz eta atzo Lekeition ez zuen ezusterako zirrikiturik utzi. Iazko lezioa ikasita –Hibaikak menderatu zuen orduan–, nagusitasunez agindu zuen estropadan, amaiera paregabea emanez.
Izan ere, bazirudien Oriok hasiera hobea eman ziola probari. Nadeth Agirrek gidatutako neskak oso indartsu irten ziren, erritmo oso bizian, San Juan estutasunetan ipintzeko gogoz edo. Baina bataren eta bestearen gaitasunak ez du barkatzen, eta konturatzerako arrosak aurretik ziren. Lehen kaletik San Juan, hirugarrenetik Orio, ziabogan tartea lau segundokoa zen arrosen alde, eta itzulerako luzeari abantaila horrekin ekin zioten.
Oriok hirugarren kaleari eutsi zion lehen erdian, eta gero istribor aldera aldatu zuen norabidea, olaturen bat baliatzeko asmoz. Uneren batean hiru segundora ere hurbildu ziren, ETBko GPSaren arabera, baina helmugako balizetan tarteak oso txikiak izango zirela zirudienean, San Juanek pare bat olatu eder hartu zituen eta azkenean aldea zortzi segundokoa izan zen bien artean.
«Gaur egun berezia da San Juanen. Festen azken eguna, eta haiz zuzen ere Batelera Eguna ospatzen da. Horregatik asko pozten gaitu gaurko garaipenak eta lehengo batelerei eskaintzen diegu», azaldu zuen Aitor Ugarte ordezkariak. «Ez zen egun erraza, aldaketa batzuk ere egin ditugu... eta hala ere, lan ona egin dugula eta garaipena lortzeko gai garela ikustea oso garrantzitsua da guretzat», gaineratu zuen pozarren.
Hori bai, ordezkariek jakinarazi zutenez, emakumezkoen Espainiako Txapelketan izena emateko asmoa San Juanek bakarrik zuen, beste inork ez, eta beraz, ez da titulu hori jokoan ipiniko datorren asteburuan.
Hondarribia, «besteen» lehian
Bi dominatzaile handien atzetik, Hondarribia izan zen brontzezko dominez jabetu zena. Lehen txandan egin zuen arraun, Donostiarra eta Tolosaldearekin batera, eta itxura ona emanez irten zen garaile lehen txanda horretan, 11.28.15eko denborarekin. Donostiarra 11 segundora heldu zen, eta beretzat izan zen laugarren postua.
Atzetik geratu ziren bigarren txandan irten ziren bi ontzi bizkaitarrak, Deusto eta Lea-Artibai. Pena izan zen Kaikuk, Bizkaiko txapeldunak, parte hartu ezin izatea lehen urteko arraunlari asko dituelako taldean.

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

Etxebarriazarragak jantzi du Bizkaiko txapela
