J.O.
GASTEIZ

Altunak Zabaletaren joa izan du babes

ALTUNA-ZABALETA 22

OLAIZOLA-ALBISU 15


Altuna III.a eta Zabaleta, iazko txapeldunak, izango dira Ezkurdia eta Rezustaren arerioak gaur arratsaldean jokatuko den Gasteizko Torneoko finalean, asteartean Aspekoek Olaizola II.a eta Albisu 22-15 garaitu ostean. Hori bai, igandean guztiak txunditu ostean, amezketarrak ez zuen bere egunik onena izan –zapatillekin eta takoekin arazoak izan zituen kantxan eta behin etxeratuta gau txarra pasa zuen gastroenteritis batek jota–. Hori horrela, atzelariak egindako lan bikainean aurkitu zuen babesa Jokin Altunak beste final bat jokatzeko sailkapena lortzeko.

Bi egun lehenago sekulako jipoi fisikoa jaso zuten bi aurrelariek Ogetako labean buruz buruko lehia bat jokatuta, mentala ere bai Aimar Olaizolaren kasuan, eta, ondorioz, biak ere euren ohiko mailatik urruti aritu ziren binaka. Gauzak horrela, atzelarien bizkar geratu zen partidaren zama eta lehia horretan Jose Javier Zabaleta nabarmen nagusitu zitzaion Jon Ander Albisuri. Egia da azkenaldera egindako huts batzuek etxarrendarraren partida apur bat itsustu zutela, baina norgehiagoka osoan erabat dominatu zuen ataundarra; ezker eta eskuin pilotari abiadura handia eman zion eta Aspekoek une oro izan zuten markagailuaren kontrola. Gainera, Albisuk 9 pilota galdu zituen azkenerako, gehitxo horrelako mailako partida baterako.

Gaur biek, bai Altunak bai Zabaletak, ibili beharko dute ondo Ezkurdia-Rezustaren aurka aukerak izan nahi badituzte.