Maider IANTZI
KONTSEILUAREN PROPOSAMENA

ADMINISTRAZIO EUSKALDUNA LORTZEKO UNEA ORAIN DA

Administrazioa euskalduntzeko epeak jarri behar dira, bizitzan bezala, etxe bat egitean bezala. Normalizazioa ere obra bat da. Belaunaldi berriak gero eta euskaldunagoak dira. Milaka jubilazio datoz. Unea orain dela ikusita, Kontseiluak proposamen bat aurkeztu du.

Administrazioan euskararen erabilera normalizatzeko indarrean dagoen dekretua (1997koa) berritzeko asmoa agertu du Lakuako Gobernuak, eta, iniziatiba hartuz, Kontseiluak bere proposamena helarazi die hizkuntza politikako arduradunei. Proposamen horren muina Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa (2016) da. Gaur arte adostasun sozialik handiena duen hizkuntza politikako dokumentua. 30 hizkuntza gutxituren alde lan egiten duten ehundik gora eragilek sinatua, 185 neurri biltzen dituena.

«Badakigu Jaurlaritza bere proposamena lantzen ari dela eta asmoa ez da bien artean talka sortzea, baizik eta gure ustez dekretu berriak jaso beharko lituzkeen elementuak azaltzea, eztabaida aberatsagoa izan dadin», adierazi dio GARAri Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak.

Egindako lanari esker, baldintzak badaude

21 urte joan dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoan aurreko dekretua onartu zenetik, eta bai Administrazioa bai jendartea euskaldunagoak dira. Horregatik, jauzia egiteko garaia dela uste du Kontseiluak. «Baldintzak badaude, eta hori egindako lanari esker izan da. Ez dugu ikusten inongo arazo soziolinguistikorik. Kanpo esku-hartzeren bat etor daiteke, ikusi dugulako askotan nola jokatu duen Estatuak hizkuntzaren normalizazioaren alde hartutako neurriekin. Baina hori ez dago gure esku eta ezin dugu gure proposamena horren arabera mugatu», azaldu du Bilbaok.

Dekretu proposamena administrazioaren erakunde eta sail guztietara zabaltzen da, bereziki Osasun, Herrizaingo eta Justiziara, Behatokiak egiten dituen irakurketetan bertan agertzen baitira gabezia nabarmenenak. Hezkuntzak dekretu berezia behar duela iruditzen zaio Kontseiluari, sistema desberdina delako. Lakuako Gobernua ez ezik, Legebiltzarra, aldundiak, batzar nagusiak, udalak (hauek lege berezitu bat egiteko asmoa dute), merkataritzako sozietateak, fundazioak, partzuergoak… hartzen ditu barrenean eragin eremuak.

Dekretuaren ezaugarri nagusiak

Erdigunean herritarrak daude. Euskaraz bizi nahi duten herritarrei eskubide hori bermatu behar die Administrazioak. Baina bertako langileek euskaraz lan egiteko duten eskubidean ere urratsak egiten hastea planteatzen du Kontseiluak. Egoera diglosikoa kontuan hartuta, beharrezkotzat jotzen du erakundeek euskara lehenestea, euskara lan hizkuntza bihur dadin. «Izan ere, Administrazioak hizkuntza batean funtzionatzen du. Beste gauza bat da herritarrei zerbitzua zenbat hizkuntzatan ematen dien».

Adibidez, lehenestea da paisaia linguistikoan euskara nagusi izatea, «elebitasun orekatua ez baita existitzen. Dokumentu batean testua bi zutabetara badoa zer jartzen duzun ezkerrean eta zer eskuinean hori jada lehenestea da. Errotulu batean euskara nagusi jarri ahal duzu, handi eta letra beltzez, eta gero, letra txikiagoan, gaztelania. Euskaraz eta gaztelaniaz antzera idazten diren hitzak euskaraz bakarrik jar ditzakezu. Edo testua euskaraz jarri ahal duzu eta ondoan piktograma bat». Administrazioak beti lehen hitza euskaraz egitea ere lehenestea da. Prozedura de facto euskaraz egitea ere bai. Euskara modu askotara lehenetsi daiteke. Modu grafikoan eta erabileran. «Hori orokortu behar da, diskriminazio positiboa eginez euskararen alde».

Bertze elementu garrantzitsu bat prebentzioa da. Erakunde batek neurri bat hartu behar duenean, edozein gauzari buruz, edozein alorretan (industria, ingurumena, etxebizitza...), zera aztertu behar du: «Euskarari eragin diezaioke?». Eragin negatiboa badu, neurri zuzentzaileak hartu beharko dira. Arlo guztietan hartu behar da kontuan hizkuntza, prebentzioaren ikuspegitik. «Kontua ez da behin zauria eginda tirita bat jartzea. Bai, jarri beharko da. Kontua da zauririk egon ez dadila lortzea».

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak azpimarratzen duenez, irizpideek lotesleak izan behar dute, eta epeak jarri behar dira. «Bestela ad eternum bihurtzen da. Eta denbora egoera gutxituan dauden hizkuntzen normalizazioaren kontra doa». Epe «labur-ertaina» jarri dute. «Ez gara tematuko bost edo hamabost urte izan behar diren, baina zehatz dezagun epea, orain ez baitago zehaztua». Langile elebakarren «iturria itxi» eta sartzen diren berri guztiek euskaraz badakite, datozen urteetan milaka jubilazio datozela kontuan hartuta, egoera iraultzen ahal da Administrazioan. Horregatik diote benetako aukerak daudela eta orain dela momentua.

planteatzen diren Neurri zehatzak

Orain arte hizkuntza eskakizuna lanpostuari jarri izan zaio. Kontseiluak dio jarduerari ezarri behar zaiola. «Sail batean lanpostu zehatz batzuei jartzen zaie eskakizuna eta kito. Gure ustez, sailari jarri behar zaio, nukleoari. Hala, bertan dauden langileen %75ek gutxienez hizkuntza eskakizuna egiaztatu beharko dute eta sail horretan laneko hizkuntza euskara izango da».

Hurrengo neurriaren premia sarri azpimarratu dute: «Hemendik aurrera langile berri guztiei euskara ezagutzeko betebeharra jarri behar zaie». Ez da aski izango tituluarekin. Agiriak agiri, hizkuntza gaitasuna galdu egiten da erabili ezean. Hortaz, lanposturako gaitasunak egiaztatzeko probak euskaraz eginen dituzte. Paul Bilbaoren arabera, horrek iraultza bat ekartzen du eta «oso interesgarria» da.

Jada bertan dauden langileek euskara hobetzeko formazioa jasotzeko aukera izanen dutela ere jasotzen da proposamenean.

Hizkuntza eskakizun mistoena da bertze puntu bat. Gaur egun, lanpostu baterako hirugarren hizkuntza eskakizuna ezartzen da. Lau gaitasun ebaluatzen dira: ahozkoaren ulermena, ahozkoaren adierazpena, idatzizkoaren ulermena eta idatzizkoaren adierazpena. Baina egia da lanpostu horretan agian ez dela txostenik idatzi behar. Orduan, ahozkoan hirugarren hizkuntza eskakizuna ezartzea planteatzen du Kontseiluak, baina idatzizkoan bigarrena. Hala eskakizunak lanpostura egokituko dira.

Lanpostu baten hizkuntza eskakizuna egiaztatzeko derrigortasun datarekin gertatzen dena ere aldatu behar da. «Data hori abuztuaren 9a bada eta nik 7an hartzen badut lanpostua oraindik ez dago iraungita eta euskara jakin gabe har dezaket lanpostua. Etzi derrigorra izango da baina lanpostua nirea da jada. Orduan, jubilatu arte edo lana utzi arte funtzionario izango naiz. Erabili izan diren zirrikituak dira eta aldatu behar dira».

Salbuespenak ere berrikusi behar dira. Adibidez, orain 45 urtetik gorakoek ez dute hizkuntza eskakizuna egiaztatu behar. 2012an Lakuak dekretu bat onartu zuen euskara maila egiaztatzetik salbuesteko. DBH euskaraz eginez gero ez zen euskararen ezagutza egiaztatu beharrik. Hori desagertzen da proposamenean, sarrera azterketa euskaraz egin beharko baita.

Bestalde, Administrazioak kontratu ugari egiten du, eta horietan guztietan hizkuntza irizpideak jarri eta beteko direla bermatuko balu, euskararen normalizazioan «pauso izugarria emango litzateke, batere kosturik gabe».