12/08/2018

Jolas serio guztiz barregarria

Euskal Musikaren benetako istorioa”-k “Euskara sencilloaren manifestua”-rekin asmatutako formulari jarraitzen dio berriro ere ikusleen gozamenerako. Telleriaren testuak argi eta garbi azaltzen du komikotasun adimentsuaren mekanismoa maisuki menperatzen dutela Ez Dok Hiru-koek. Hitz jokoak (errepikapenak, lotura zentzugabeak, metaforen deseraiketa, esanahi bikoitzak, berben soinuen eraldaketak, gaizki ulertuak...) malabar antzera aireratzen dira agertokian publikoaren konplizitatea hasieratik lortuta. Arina zein erraza dela ematen du, aktoreek estilorik gabeko antzezpenean esfortzurik gabe eta jolasean jardun dutela dirudi, baina, sagardoa bezain erraz edaten den ikuskizuna ontzen dutela pentsatzearekin batera, umorezko teatro generoak –edozein delarik ere– arriskutsuenak direla akordura etortzen zaigu.

Gainera, aktoreek ondo abestu ez ezik, kanta ezberdinetako konpas batzuetatik beste batzuetara salto egiteko abilezia berezia ere erakusten digute. Unean uneko letra lerroa aprobetxatuz, esaterako, epaiketaren eszena aipatzekoa da. Orduan, euskal antzerkiaren historiografiarako talde honen ateraldien bildumak umore eskola propio bat sortu eta euskal barregarritasunaren corpusaren lerro nagusi bat osatu digula onartzekoa da.

Ez da txantxetakoa urteetan zehar Telleriak eta Martinezek garatutako umorezko lana, horregatik, ikerketa akademiko batentzako ikergai ezin hobea izan daitekeelako ustekoak gara.

Urteak urte, hauxe izango genuke Ez Dok Hiru-ren orain arteko lan borobilena, partitura finena, zainduena, bai 2017ko bertsioan eta bai oraingo bertsio “akustikoan”. Ikuskizuna berriro ikustea merezi duelakoan gaude, bai pasarte berriekin gozatzeko, baina, baita ere, umore mota honek egiaztatzen digulako kultur erreferente komunak dituen taldeko/gizarteko partaideak garela.