A.A.
ETE LIGA

Hibaikaren hirugarrena, eta sailkapena bero-bero

ETE Liga sortu berriaren lehen edizioa da aurtengoa, eta emozio gehiago ezin zaio eskatu lehiaketari. Atzo Plentzian jokatutako estropadan Hibaikak bere hirugarren garaipena erdietsi zuen, eta sailkapen nagusiko lehen postuak bero-bero daude hiru proba puntuagarriren faltan: Donostiarrak 75 puntu ditu, Hibaikak 69 eta Deustok 66 –aurreneko biek bakarrik jokatuko dute iraileko igoera play-offa–.

Plentzian lehia ederra eskaini zutenak Hibaika eta Donostiarra izan ziren. Errenteriarrak eta hiriburukoak pare-parean heldu ziren ziabogara, eta ordurako Deustok 10 segundoko atzerapen handia zuen pilatua. Kontuan izan behar da bizkaitarrak lehen kaletik irten zirela, txarrena seguru asko, Hibaika hirugarrenetik (bost kaleko eremuan bigarrena hutsik geratu zen) eta Donostiarra bosgarrenetik.

Bigarren luzean, beraz, bi gipuzkoarren arteko dema ikusgarria suertatu zen, eta azkenean errenteriarrek hiru segundo eskaseko aldearekin lortu zuten garaipena. Arraun egin zuen kuadrilla honako hau izan zen: Maddi Iriarte, Itziar Souto, Amaya Gezala, Eli Pescador, Naiara Orobengoa, Sara Roteta, Ainoa Santana, Lorena Serodio, June Mikeo, Saioa Simal, Laura Lago, Naroa Etxeberria eta Maria Alvarez, Inge Ugarte patroi zutela.

Bestalde, Tolosaldeak aurre hartu zion Deustori, baina azkenean hirugarren postua bizkaitarrei eman zioten, Tolosaldeko zodiaka estropada eremuan sartu eta hiru segundoko zigorra jaso baitzuten gipuzkoarrek. Bosgarren postua, berriz, Kaikurentzat izan zen, lehen txandan Hernani, Lea Artibai, Colindres eta Lapurdi menderatuta.