GARA
DONOSTIA

Hemezortzi ekoizpen lehian, Zabaltegi-Tabakalera sailean

Beste bederatzi film ezagutarazita, orotara hemezortzi ekoizpen ariko dira Zinemaldiko Zabaltegi-Tabakalera sarirako lehian. Orotariko lanak dira, tartean telesailak, fikzioko nahiz animazioko filmak eta Bergmanen nahiz migratzaileen egoeran oinarritutakoak.

Beste bederatzi film gehitu dira Zabaltegi-Tabakalera sailaren aukeran. Beraz, orotara hemezortzi ekoizpen (hamabi film luze eta sei labur) lehiatuko dira Donostiako Zinemaldiko lehiaketa-sail irekieneko Zabaltegi-Tabakalera saria lortzeko. Venezian eta Toronton izan ondoren, Donostian aurkeztuko da “Kraben Rahu / Manta Ray”, Phuttiphong Aroonpheng (Bangkok, 1976) zuzendariaren lehenengo film luzea: arrantzale batek basoan zaurituta eta konorterik gabe dagoen gizon bat salbatuko du, eta hitzik gabeko harremana garatuko du harekin. Bi Ganek (Kaili, Txina, 1989) bere bigarren film luzea, “Di qiu zui hou de ye wan”, ekarriko du.

Cristobal Leonen (Santiago, Txile, 1980) eta Joaquin Cociñaren (Concepcion, Txile, 1980) stop-motion animazioko film luzea ere, “La casa lobo”, sartuko da lehian: alemaniar kolonia batetik ihes egin duen gazte baten istorioa kontatzen du, zeina ihesaren ondoren Txileko hegoaldeko etxe batean babestuko den. Jane Magnussonenek (Stockholm, Suedia, 1968) “Bergman - ett ar, ett Liv” ekarriko du: “Det Sjunde inseglet” eta “Smultronstället” filmatu ziren urtearen erretratua egingo du.

Bere bigarren film luzea ekarriko du Virgil Vernierrek (Paris, Frantzia, 1976): “Sophia Antipolis”. Mediterraneoaren, basoaren eta mendiaren arteko lurralde bitxi batean bizi den komunitate bat aztertuko du. Lucile Hadzihalilovic (Lyon, Frantzia, 1961) Donostiara itzuliko da “De Natura” erakustera eta Ines Moldavskyk (Buenos Aires, Argentina, 1987) “The Men Behind the Wall” ekarriko du, Tinder aplikazioaren bidez harremanetan jartzen diren emakume israeldar bati eta Zisjordaniako gizon batzuei buruzko filma. “Sobre cosas que me han pasado” film laburrarekin, Jose Luis Torres Leivak (Santiago, Txile, 1975) hirugarrenez parte hartuko du sailean. Horiez gain, Jean-Gabriel Perioten “Song for the Jungle” film laburra proiektatuko da: Calaisen filmatu du migrazioak oinarri dituen lan hau.