13/09/2018

Reportaje
 
ITU BANDA, LITERATURA MAITE ETA OZEN ERAKUTSI

Jakina da gazteek gero eta gutxiago irakurtzen dutena. Idatzi ere, gero eta gehiago ez. Baina badira literaturarekin gozatzen dutenak ere, mesanotxean liburua daukatenak. Itu Bandakoak irakurtzen hasi ziren, aldizkaria ateratzera pasa ziren, eta jendaurreko emanaldietan ari dira orain.

Gotzon ARANBURU
0913_kul_itu2

Ohikoa izan da euskal literaturan taldeka lana egitea, norbera irakurtzen ari dena hurkoarekin konpartitzea, idazten eta publikatzen hasteko ere taldearen babesean aritzea. «Banda» izena hartzea ere bai. Duela berrogei urte Bilbon biltzen hasi ziren gazte haiek (Bernardo Atxaga, Manu Ertzilla, Joxemari Iturralde, Jon Juaristi, Ruper Ordorika, Joseba Sarrionandia…) Pott Banda jarri zioten euren buruari. Hamarkada pare bat geroago, Lubaki Banda izan zen Xabier Aldai, Gari Berasaluze, Harkaitz Cano, Asier Serrano… bildu zituena. Eta duela bost urte, Itu Banda jaio zen, Alazne Arruti, Paul Beitia eta Peru Iparragirreren eskutik; poliki-poliki kide gehiago gehitu zitzaizkien hasierako hirurei eta ibilbide polita egin dute denek batera, hemendik aurrera beste norabide bat hartuko duen bidea.

Gazteak izan arren, eta taldeak bost urte baino ez izan arren, gauza asko eta ezberdinak egin dituzte itukideek. Jakina, idatzi egin dute, fanzine eta aldizkari formatuan, baina separatak ere argitaratu dituzte bandako zenbait partaideren lanak bilduz, irratiko programak egin dituzte (Info7 irratian), eta ikuskizunak prestatu dituzte, hala nola Eako 2015eko Poesia Egunetan eskainitako “Ituskizunak”. Hemendik aurrera ere jendaurrean azaltzeko asmoa dute, bide hori jorratu nahi lukete, eta ez da harritzekoa, orain arte jaso duten erantzuna ikusita.

Irailaren 3an zegoen jarrita hitzordua, Donostiako Victoria Eugenia antzerkiko Club aretoan. Ehun bat lagun sartzen dira hor, eta erabat bete zen aretoa. Baziren gazteak, eta baziren helduak, horien artean itzal handiko idazleak (Jose Angel Irigaray, Josu Landa, Patri Urkizu, Xabier Mendiguren edo Yolanda Arrieta, esaterako), denak ere poesia errezitaldiaz gozatzeko asmoz. Ordu erdiko saioan, Martin Bidaurren “Itzulera” liburuko hainbat pasarte leitu zituzten Martinek berak, Alazne Arrutik, Paul Beitiak eta Jon Gurrutxagak, bai banaka eta bai laurek batera ere; tarteka gitarraz lagundu zuen irakurketa Beitiak, baina osterantzean ahotsa izan zen Clubean entzun zen tresna bakarra. Bukaeran, txalo zaparrada eta poz keinua Itu Bandakoen aurpegian.

Idaztea eginkizun indibiduala da, baina idatzitakoaz hitz egitea eta idatzitakoa ezagutaraztea kolektiboan egin beharrekoa. Horregatik hasi ziren biltzen Arruti, Beitia eta Iparragirre duela bost urte, kafea hartzeko, idatziak trukatzeko eta literaturaz solastatzeko eta eztabaidatzeko, baina baita literatur fanzine bat martxan jartzeko ere. 2013an, paperezko argitalpen bat? Norentzat ordea? Mexikon egonaldi luzea eginda itzuli berri den Alazne Arrutik du erantzuna. «Gu beti izan gara paperzaleak, hasieratik. Eta nola berehala konturatu ginen baten batzuek leitzen zutela guk idatzitakoa, bada, animatu egin ginen. Batetik eta bestetik testuak iristen hasi ziren; gureak ere aportatu, irudi batzuk gehitu, eta maketatzera. Zuri-beltzean ateratzen genuen».  

Hogei bat laguneko sarea

Talde motorra, hasierakoa, Gipuzkoan abiatu zen. Arruti oñatiarra da, Beitia zarauztarra eta Iparragirre eskoriatzar-donostiarra, Okzitanian jaio bazen ere. Ondoren bizkaitarrak ere bildu ziren bandara, hala nola Mikele Landa –Eakoa– edo Mallabiko Garazi Mugarza. Azpeititik batu zitzaien Iñaki Gurrutxaga eta Oñatitik Itziar Ugarte. Kolaboratzaileak ere mordoa izan dira, alegia, aldizkarian testuak argitara eman dituzten lagunak, guztira hogei bat laguneko sarea osatu arte, bakoitzak ahal izan duen inplikazio mailan.

Unibertsitaterako ordua iritsi ahala, Itu Bandaren epizentroa Bilbora aldatu zen. Ez pentsa denek letretako karrera aukeratu zutenik. Badira Filosofia ikasi dutenak, Filologia eta Soziologia hautatu dutenak ere bai, baina baita Energia Berriztagarriko Ingeniaritza edo Erizaintza ikasi dutenak ere. Batzuek dagoeneko bukatu dute unibertsitateko etapa eta lanean edo lan bila ari dira, beste batzuk oraindik ikasten ari dira. Karrera garaian nahiko erraza gertatzen zitzaien Bilbon hitzordua jartzea eta buruan zituzten egitasmoak elkarrekin eztabaidatzea eta prestatzea, baina taldekide batzuek ikasketak bukatu ahala gero eta zailagoa jarri zaie bilera horiek burutzea.

Poesia errezitaldiak antigoaleko zerbait zirela pentsa daiteke. Egungo gizarte teknologiko eta builosoan tokiz kanpo dagoen zerbait. Bada, ez dira iritzi horretakoak Itu Bandakoak. Izan ere, jendartean irakurritako poesiak badu, nobelak ez bezala, indar berezi bat. Nobela bakardadean leitu beharrekoa den bezala, dela etxeko egongelan edo dela autobusean, ozen –eta ondo– irakurritako poesia taldean dastatu daitekeen gutizia da, testuari irakurlearena ahotsa, intonazio, keinua… gehitzeak aberastu egiten baitu askotan, eta are gehiago espazio egoki batean egiten bada. 2015ean “Ituskizunak” izan bazen Itu Bandak Eako entzuleei eskaini zien ahotsezko ekoizpen literarioa, oraingoan “Itzulerak” izan da poesia oparia, eta zinez magikoa gertatu da Victoria Eugeniako Clubeko ilunantzean poeta-irakurleen eta entzuleen artean sortutako harremana.

«Lekore» aldizkaria

Gordetzeko horietakoa izango da azkeneko “Lekore” aldizkaria. Aspaldidanik ari dira ontzen itukideak, eta ale bikoitza izango dela aurreratu digute. Seigarrena izango da eta hilabete pare bat edo beharko dira kalean ikusteko. Bandak ez du Durangoko Azokara kale egin izan eta hantxe erosi ahal izan dituzte orain arteko zenbakiak literaturazaleek; azkeneko hau ere hantxe topatuko dugu. Edukia… bada, erosi egin behar jakiteko, baina mardula izango dela ziurta dezakegu.

Martin Bidaur da taldeko kide beteranoenetakoa, hogeita piku urteko mutilari «beterano» deitzerik badago. Irribarre egin du gazte literaturazaleak «rara avis» ez al diren galdetu diogunean. Taldeko bakoitzak bere garapena izan duela diosku, literaturarekiko zaletasuna bakoitzak bere iturritik jaso duela, naturaltasunez eta gustua hartuz egindako bide bat. «Eskala baxuago batean, serieak eta pelikulak ikusten dituenaren antzeko joera da, hau da, aisialdi eta kultur kontsumo mota bat. Ez gara hain gutxi literaturarekin plazera lortzen dugun gazteok, ez pentsa. Egia da aurreko belaunaldietan baino gutxiago transmititu den ohitura bat dela, irakurtzeko praktika hau, baina galdu ez da egin. Gustatzen zaigulako irakurtzen dugu eta idazten dugu, ez daukagu zertan ezkutatu», esan digu, Victoria Eugeniako emanaldia bukatu eta gutxira.

Kirolariekin gertatu ohi den moduan, modalitate batean aritzen denak beste batzuk ere probatzen ditu normalean. Kulturan ere, arraroa da diziplina bakar bat atsegin zaion gaztea. Itu Bandan badira diziplina anitzeko hauetakoak. Musikan aritu izan da Beitia –Errime taldeko gitarra–, ikus-entzunezkoak lantzen ditu Landak, eta bertsolari dabil Gurrutxaga, bai bat-batekoan eta bai idatzian. Joan den larunbatean jaso zuen Lazkao Txiki Bertsopaper Lehiaketako sarietako bat Ordizian.

Donostiako Euskal Jaietan urtero antolatzen dute Poesia Orduak ekimena Euskal Idazleen Elkarteak eta Donostia Kulturak. Aurtengoan Antxiñe Mendizabal eta Itu Banda izan dira gonbidatuak, aurrena Pello Ramirezekin eta Nerea Gartziarekin batera, “Emakume burugabea” liburuko testuak errezitatzeko. Horrelako ekimenetarako gonbidapena jasotzea akuilu gertatzen zaiela onartu du Martinek. Testuak beti izaten dira tiraderan edo koadernoan, baina jendaurreko emanaldietarako idatzi berriak ere prestatzen dituzte, nolabait ere erreserbako ardoa urteko ardo berriarekin batera ateraz mostradorera, betiere termino literarioetan, jakina. Hurrena deitzen dituzten tokian ere antzera jokatuko dute, «bolo» bakoitza ezberdina izango da.

Belaunaldia osatzen ote duten ez dauka oso argi Martinek. Begi bistakoa da taldea osatu izanak, adin bertsua duen jendea bildu eta batera idatzi eta argitaratu izanak, ematen diola belaunaldi ezaugarria Itu Bandari. Baina albo-ondorio edo izango litzateke, ez da gertatu horren bila joan direlako; literatura maite dutelako batu dira elkarrengana, eta elkarri indarra eman diotelako hasi dira aldizkariak eta liburuak argitaratzen. Eta ondorioz «Itu Belaunaldia» bihurtu badira, bada halaxe izan dadila.

SAIOAK


Testuak beti izaten dira tiraderan edo koadernoan, baina jendaurreko emanaldietarako idatzi berriak ere prestatzen dituzte.