13/09/2018

Ariane Kamio
(Euskal) Kazetaria
Poltsarena egiten diguten bakoitzean

Ikusi ditut plastiko beltzak ikastolako patioan, lagun batek alabari futbolean aritzeko debekua ezarri dionean, tradizio maskulinoaren izenean. Entzun ditut aldarrizko txistu hotsak, berdintasunaren aldeko desfileak porteriak batetik bestera zeharkatuz, gudu zelai infantilizatu batean.

Ikusi ditut plastiko beltzak oporretan, kanpin batean, familia giroan, barbakoa zeken bat egiterakoan, suaren inguruan bildutako gizagaixo orangutanizatuek burua biratu dutenean, «zer egiten dik honek hemen?» pentsatzen zuten bitartean, testosteronaren muga zeharkatzerakoan.

Ikusi ditut plastiko beltzak lagunek «plan de chicas» egitea proposatu dutenean, ordu batzuez autoimmunizatzen dituen plazebo engainagarri baten beharrak jota; norberak erraietaraino barneratua duen etxetik ateratze kontrolatu bat izan arren; pultsera telematiko bat.

Ikusi ditut plastiko beltzak maskulinitatearen historia ofiziala urratu den bakoitzean, etxeetan zein kaleetan, landa bideetan zein errepide bazterrean, ohean eta komunean, larrua jotzean eta barrua jotzean, emakumeen izenean, gizonen izenean.

Ikusi ditut, ikusten ditut plastiko beltzak buru askeetan; ile harrotuak, arnasa estuak, loditutako zainak, ezpain moreak, bihotz taupada astunak, begi-nini zabalduak, izerdi autobideak kopeta zimurtuetan, harramazkak, hatz arrastoak, bular larrituak, negarrak, oihuak, atsekabeak, indarrak... Ikusten ditut plastiko beltzak, poltsarena egiten diguten bakoitzean.