16/09/2018

«Barne askatasunari» abestu dio Rolan Garcesek lehen diskoan

Musikaren ibilbidea urratzen aspaldi hasi bazen ere, Gor diskoetxearekin kaleratu berri duen «Rolan & Loop abestiak» da Rolan Garcesen bakarkako lehen diskoa. Rock&roll doinuetatik aldendu eta folk, country eta blues doinuak uztartu ditu proiektuak eman dituen bederatzi abestietan, eta askatasunaz, barne borrokez eta egindako ibilbideaz mintzatu da.

Amalur ARTOLA|DONOSTIA
0930_kul_rolan

Rolan Garces ez da berria musikaren munduan. Iruñeko hainbat taldetan ibilia da eta egun Garavelites rock taldean eta Lex Misterio garage blues taldean aritzen da, besteak beste. “Rolan & Loop abestiak” diskoan, baina, bakarka eta doinu leunagoekin heldu da: folk, country eta blues ukituko bederatzi kantu bildu ditu Gor diskoetxearen babesean argitaratu duen bakarkako bere lehen lanean.

Diskoa 2017. urte amaieran eta 2018ko hastapenean grabatu zuen Color Hits, Buenas Compañias eta Ag8st8 estudioetan, baina diskoaren muina Garcesen etxean ondua da: «Ahotsak eta gitarrak etxean grabatu nituen eta Oskar Benasi pasa nizkion emailez. Askatasun osoa eman nion nahi zuena aldatu eta aberasteko eta izugarrizko lana egin du. Konponketa gutxi baina ongi pentsatuak sartu ditu, organoak, bateria txiki bat... Gustura nago emaitzarekin», azaldu zuen diskoaren aurkezpenean.

Orotara, bederatzi abestik osatzen dute diskoa, eta guztietan nabarmentzen da Garcesen ahotsa. «Melodietan, batez ere ahotsari eman nahi nion garrantzia. Proiektu pertsonal bat da eta oso eroso sentitu naiz, uste baitut letrak eta musikak behar dutela elkarren arteko tentsio bat, eta uste dut lortu dudala helburua», azaldu zuen.

Blues eta folk doinuen lagungarri dira bederatzi abestietarako hautatu dituen letrak. Gaztelaniazko hiru abestien hizkiak (“El gato blues”, “Tres monos” eta “Pecado blues”) Garcesek berak idatziak dira eta gainerako seiak osatzeko han eta hemen bildu dituen olerkiez baliatu da. «Beti esan izan dut egunen batean euskarazko disko bat egingo nuela eta lagun batek pasa zidan euskarazko letra bat nire musikarekin oso ongi egokitzen zena, gerora ‘Oinutsik’ bilakatuko zena. Esker onez nago, hainbat lagunek eskaini dizkidatelako euren letrak, eta Armiarma atarian ere topatu ditut batzuk», azaldu zuen. Baimena eskatuta, Angel Larrea, Oscar Sanz de Acedo, Ainhoa Garaikoetxea, Ana Galarraga eta Gaizka Amondarainek idatzitako hizkiak batu dizkio bere musikari eta, gaiaren aldetik, batez ere askatasunaz hitz egin nahi izan duela azaldu zuen musikari iruindarrak. «Barne askatasunari buruzkoak dira gehienak, ‘Askatasun dantza’ adibidez, baina badaude politikoagoak izan daitezkeenak ere, ‘Izenik gabeko etxea’ kasu. Libreago bizitzeko norberak lortu behar duen horretaz, oztopoak gainditu beharraz ari dira gehienak».

Kantu «arinagoak» ere bildu dituela nabarmendu zuen, “El gato blues” edo “Gaua” tarteko: «Gaueko istorioen ingurukoak dira horiek, eta ‘Tres monos’ kantua, aldiz, beldurrei buruzkoa, nire ustez bizitzea zure beldurrak gainditzea baita».

Bakarlari gisa argitaratu duen diskoa bada ere, talde sentipena izan duela-eta pozik agertu zen Garces: «Oso kontent nago jende askok kolaboratu duelako, bai letretan eta baita alderdi musikaletik ere; babestua sentitu naiz», ziurtatu zuen.

Behin diskoa kalean dela, zuzenekoetan jarria du begia abeslari eta musikari iruindarrak: «Formatu txikiko kontzertuak izango dira, banda txiki batekin, eta akustikoan. Badut gogoa zuzenekoekin hasteko», ziurtatu zuen Garcesek.

ZUZENEAN


Diskoaren zuzeneko lehen saioak urriaren erdialdera eskainiko ditu Garcesek. «Formatu txikiko kontzertu akustikoak izango dira», aurreratu du.