Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Ikusi-makusi, ikusiko!

Uda joan badoa, udazkenerantz joan ere. Agur jai nagusiak, agur estropadak eta estropadetakoak, agur plastiko beltzen kiratsa, agur hegaluze kanpaina… Hondartzako harea berreskuratzen dago eguzkitan egoteko berezko duen eskubidea, udako toallek ukatua. Bai, udakoa joan. Eta kurtso politikoa etorri, urtero berdina izan arren urtero «berria» esaten duguna. Ea behingoz zaharra berritzen den, eta berria jatorra den, hori bai iraulia! Hortaz, adituen taldea sortu berri dute Legebiltzarrean, ustez euskal herritarron geroak bertatik bertarako etorkizun dezentea izan dezan. Ikusi-makusi, zer ikusi? Ikusiko! Kontua ez da aditua izatea, aditu aritua izatea baino, dezentzian aritua…

Udazkenerantz. Gorbeia aldean oreinak orro egiten hasiak dira. Tifoiak agertzen ekialdean eta urakanak mendebaldean, batean eta bestean gorputzak gorpu utzita. Pinuen gaitzak hor jarraitzen du, pinudien koloreak nahastuz; gaixoen dilema hor ere, poeta andaluziarrarena buruan: gaixo egotea baino txarragoa da mediku okerra hartu izana. Kanposantuko pinu-kutxak gogoan, hori bai deshobiratze jatorra erorikoen haran hartakoa, desjabetze guztiak ez direla zertan txarrak izan seinale.

Tira, adituen harira! Hiztegia hiztegi, «Tesia» arrazoitzen den baieztapena da, «Hipotesia» abiapuntuko susmoa, arrazoituz gero tesi bihurtu daitekeena. Gure beheko Estatuko politikan, ostera, tesi guztiak ez omen dira arrazoituak, are gehiago, tesi batzuk izan ere ez omen dira.

Ez tesia eta ez hipotesia, amnesia, gabezia, ordenagailutik ihesia. Unibertsitate batzuetan, monarkia erreferente, tituluak prêt-à-porter eskaintzen diren seinale; prestatutako zerbitzuak saritu baino, prestatzear direnak saritzea helburu, arrazoibidetik kanpo. Zezenbide Estatuan masterrak orroka. Zinemaldirako atal berria. Eman gabe, zabal ezazu.