Patxi GAZTELUMENDI

LIBURU ELEKTRONIKOA GELDITZEKO ETORRI DA EUSKAL IRAKURLEEN ARTERA

Udan libururen bat irakurtzeko beta hartzen dugu. Baina, paperezkoa edo elektronikoa? Argitaletxe eta administrazio publikoek nola bizi dute liburu elektronikoaren bilakaera?Gailu horien gainean galdetu diegu eLiburutegi-ko, Booktegi-ko eta Susa eta Elkar argitaletxeetako arduradunei.

E-bookak ez du oraindik papera ordezkatu.
E-bookak ez du oraindik papera ordezkatu.

Esku artean liburua hartu, eta atseden tarteak letraz eta fikzioz betetzen ditugu. Irakurriz. Metroan edo autobusean liburu irakurgailu digitalarekin ikusten ditugu zenbait; beste asko telefono mugikorretatik mezuak trukatzen ari diren bitartean. Baina gurean oraindik paperezko euskarria da nagusi, duela 10 bat urte sumatzen ziren joerak alboratuz.

Gurean, baina, liburu elektronikoaren inguruan sortu dira esperientzia berriak ere, eta horren gainean aritu dira GARA egunkariarekin Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordea eLiburutegiaz, Mikel Elorza Susa literatura argitaletxeko kidea, Aritz Branton Booktegi.eus gunearen sortzailea eta Olatz Osa Elkar argitaletxeko arduraduna.

Liburu digitalen mailegurako plataforma publikoa da eLiburutegia. «eLiburutegiak modu erraz bat eskaintzen du milaka liburu, film edota audio-liburu egokitu mailegatu eta irakurtzeko», Joxean Muñozen hitzetan. Eta zehaztu du: «Kultur kontsumo digital ordenatu baten aldeko apustua da». Euskal administrazio publikoak eskaintzen duen zerbitzua da eLiburutegia eta euskarazko (1.480 izenburu), gaztelaniazko (13.826), ingelesezko (543) eta frantsesezko (40) edukiak eskaintzen ditu. Katalan, portuges eta italierazko eduki batzuk ere deskargatu daitezke eLiburutegia plataformatik.

Booktegi.eus atariak, berriz, kalitatezko euskarazko liburuak formatu elektroniko nagusietan –PDF, ePub eta Mobi– eskaintzen ditu, eta berriki bideo elkarrizketak eta audio grabaketak eskaintzen hasi dira. Liburu guztiak doan deskargatzeko aukera eskaintzen du Booktegi.eus atariak. Aritz Branton sortzaileak dioenez, «Booktegiren helburua jendeari euskaraz gehiago irakurraraztea da, ez da inola ere argitaletxeen lehiakidea». Hilero mila erabiltzaile ditu eta beste horrenbeste liburu deskargatzen da batez beste. 2017ko apirilean sortu eta geroztik «irakurle kopurua handitzen» ari dela esan du Brantonek.

Elkar argitaletxeak bere aldetik gazte zein helduen literaturako 300 titulu baino gehiagoko eskaintza duela jakinarazi du Olatz Osa arduradunak. «Salbuespenak salbu, literatura liburuak bi formatutan argitaratzen ditugu hasieratik, paperean eta liburu elektronikoan» eta 2017ko salmenta datuak eskaini dizkigu Olatz Osak: «Eskaintzen ditugun titulu guztiak kontuan hartuta, iaz ez ginen 2.000 ale saltzera iritsi, 2014an 700 ale saldu genituen; eboluzio bat gertatu da, jakina, baina oraindik apalak dira oso liburu bakoitzeko izaten diren salmenta kopuruak».

DRMrik gabe

Susa literatura argitaletxea duela ia zazpi urte hasi zen bere katalogoa ere irakurgailu elektronikoetarako eskaintzen. «ePub eta PDF formatuetan, webgunean modu erraz eta sinplean erosteko aukera eskaintzen dugu; hori bai, DRM edo antzeko giltzarraporik gabe, edonork edozein gailutan beste ezer egin behar gabe irakur ahal ditzan», esan du Mikel Elorzak. Izan ere, DRM delakoa –Digital Rights Management– irakurketa oztopatzen duen kontua dela deritzo Susako kideak. Susak, gainera, 3 euroan saltzen ditu titulu guztiak. «Prezio politikoa da, duela zazpi urte erabaki baikenuen e-bookaren alde egin behar zela, eta ia paperarena zen prezioa ez zela logikoa». Egileak 2 euro jasotzen ditu salmenta bakoitzetik eta beste bat argitaletxearentzat. BEZ zerga, paperezko liburuek baino handiago dute euskarri digitalek. Sei urte eta erdian, Susak 3.000tik gora e-book saldu dituela aitortu du Mikel Elorzak.

Susakoak pozik daude izandako harrerarekin, baina, hala ere, «botatzen ziren espektatibetatik behera». Honela jarraitu du: «Esango nuke ez duela batere lagundu DRM eta giltzarrapoen kontuak. Hesiz betetzen zen bidea eta e-book bat erosi eta ireki ahal izatea odisea bat bihurtzen zen batzuetan, gailuz aldatzean galdu egiten ziren artxiboak; eta horrek ere ez du lagundu erabiltzailea animatzen».

Mehatxua aukera

Joxean Muñoz baikortasunez mintzatu zaigu. «eLiburutegiari dagokionez, esango nuke harrera bikaina izan duela. Erabiltzaile fidelak ditugu: behin eta berriz erabiltzen dute. Digitalizazioaren mehatxua aukera bilakatu nahi genuen, eta hori lortzen ari gara». Gasteizko gobernuko Kultur sailburuordearen aburuz, «hedatzen ari da kulturaren eskaintza digitala era ordenatuan kontsumitzeko modu bat, egile eskubideak kontuan hartuz, eta hori oso garrantzitsua da». Bere ustez, garrantzitsuena «irakurzaletasuna bultzatu eta irakurtzea da», eta modu digitalean edo paperean egiten den bigarren mailako kontu bat da: «Esango nuke etorkizunean bi modu hauen elkarbizitza bat egongo dela, orain bezala. Hala ere, gero eta hedatuago dago liburu elektronikoa».

Susako Mikel Elorzak ere antzeko iritzia du: «E-bookak ez du papera ordeztu, ezta gutxiago ere, eta maila apal batean egonkortu dela esango nuke». Olatz Osa Elkar argitaletxeko kidearen iritzia hau da: «Euskarri edo aparatu digitalek eboluzionatuko dute, etengabe ari dira aldatzen, euskarri berriak merkaturatzen ari dira sekulako abiadan, eta guk, eduki ekoizleok euskarri horietara egokitu beharko dugula argi dago». Eta belaunaldien arteko ezberdintasunean jarri dute arreta Elkarren. «Orain haurrak eta gaztetxoak direnak gero eta naturalago txertatuko dituzte gailu digitalak beraien bizitzetan, hori jada errealitate bat da eta egungo liburu elektronikoen salmentan ere nabaritzen dugu formatu digitalean gazte literaturako liburuak helduenak baino gehixeago saltzen direla».

Aritz Branton Booktegi atariko arduradunak ere abantailak baino ez dizkio ikusten liburu elektronikoari. «Irakurgailu txiki batean liburu asko eraman ditzakegu, eta bestetik motibo ekonomikoengatik plazaratuko ez liratekeen liburuak ekoizteko modua dago»; hain zuzen, Booktegik lan hori egiten duela zehaztu digu Aritzek. Eta irailarekin berrikuntza asko ikusiko ditugu Booktegi.eus atarian. «Liburu berriak prestatzen ari gara, udazkenean nobela berri bat, euskal klasiko bat euskara eguneratuan, abeslari ezagun baten letrak eta sukalde liburu berri bat ere izango dugu deskargatzeko moduan», aurreratu digu Brantonek. Idazleen arteko bideo elkarrizketak ere eskaintzen hasiko dira eta egile bakoitzari buruzko informazioarekin gunea jantziko dute.

Bestetik, Elkar argitaletxeak une honetan dituen erronken berri eman digu Olatz Osak. «Gure katalogoak, fondokoak eta argitalpen berriak, sortuko diren euskarri berri horietan eskaini behar ditugu. Horrek etengabeko egokitzapena eskatuko du eta horretarako prestatuta egon behar dugu, garrantzitsua baita euskaraz ere ahalik eta eskaintza zabalena egitea», azaldu du. Erronka da, halaber, «eskaintza hori ikusgarri eta eskuragai egotea». Batetik, ahalik eta plataforma edo denda digital gehienetan eta, bestetik, plataforma horietan «ikusgarri egoteko estrategiak pentsatu eta neurriak hartu» beharko dituztela adierazi du Olatz Osak.

Susa literatura argitaletxearen erronka, aldiz, «berdin jarraitzea da», eta horrela zehaztu du Elorzak: «Gure e-book eskaintzarekin eta eLiburutegiarekin dugun lankidetzan». Izan ere, Susako katalogoko 200dik gora titulu daude administrazioaren liburu digital publikoan. Era berean, Elorzak uste du «apustua egin daitekeela argitaletxe txikien eta desagertuen fondoak formatu elektronikora ekartzeko eta haiek eskaintzeko guneak bilatu edo asmatzeko». Baina, «horrek ezin du Amazon izan, jakina», ohartarazi du.

 

26.000 erabiltzaile baino gehiago dituen e-Liburutegi publikoa

2014ko azaroan abian jarri zenetik erabiltzaile kopurua handitzen ari da eLiburutegia. Joxean Muñozek azken urteotako erabiltzaile datuak eskaini dizkigu. Sortu eta urtebetera –2015eko abenduan– 10.160 erabiltzaile zituen liburutegi digital publikoak; 2016ko abenduan, berriz, 16.953 eta iazko abenduan, 22.253 erabiltzaile. Une honetan 26.000 erabiltzailetik gora dituela zehaztu digu Kultura sailburuordeak. Harrera ona izateaz gain, tresnak erabiltzeko ikastaroak antolatu dituzte liburutegi publikoen sarean, eta liburuzainek parte hartze zuzena dute eLiburutegiaren funtzionamenduan. Deskargatzeko liburuak eta eduki multimedia eskaintzeaz gain (audio grabaketak, filmak) bestelako informazioa ere eskaintzen du eLiburutegiak: biografiak, efemerideak, nobedadeak.

Jon Arretxeren “19 kamera”, Kirmen Uriberen “Elkarrekin esnatzeko ordua”, Karmele Jaioren “Musika airean” eta Uxue Alberdiren “Jenisjoplin” dira deskargatu edo mailegatuenak euskarazko liburuen artean.P.G.