Martxelo DIAZ
ATARRABIA

Hezkuntza eraldatzen jarraitu nahi dutela adierazi dute ikastolek Atarrabian

Nafarroan egin du lehen aldiz Ikastolen Elkarteak ikasturte hasierako ekitaldia, «Elkarrekin, hezkuntza eraldatzen» lelopean. Zonifikazioa behingoagatik gainditzea eta ofizialtasuna hedatzea eskatu du.

Lehen aldiz Nafarroan eman zion hasiera Ikastolen Elkarteak ikasturteari atzokoan, eta, lehen aldiz, Hezkuntza kontseilari batek (Nafarroakoak, Maria Solanak) hartu zuen hitza ekitaldian. Elkarlanaren bitartez hezkuntza eraldatzen jarraitzeko konpromisoa berretsi zuten ikastolek. Atarrabian izandako ekitaldian Lakuako Hezkuntza sailburuorde Olatz Garamendi, EH Bilduko parlamentari Barkartxo Ruiz eta Miren Aranoa, Geroa Baiko Consuelo Satrustegi eta Mikel Oteitza Atarrabiako alkatea izan ziren, baita ANEL, Mondragon Unibertsitatea, Kristau Eskola, LAB, Euskaltzaindia, Kontseilua, Euskarabidea eta Elkarreko ordezkariak ere.

Ikastolak aitzindariak eta eredugarriak izan direla nabarmendu zuen Maria Solanak, eta Nafarroako Gobernuak, aldaketa- ren ildotik, irakaskuntza eraldatzea xede duela gaineratu zuen. Euskaraz bizi eta lan egin ahal izateko euskarazko irakaskuntza «ezinbestekoa» dela ere nabarmendu zuen, eta egun Nafarroan haurren herenak D ereduaren aldeko hautua egiten dutela azpimarratu zuen. «Nafarroako Gobern uak zor handia du ikastolekin», esan zuen Solanak, akordio programatikoan ikastolek egindako lanari aitortza egiten zaiola gogoratuz.

Mikel Oteitza Atarrabiako alkateak ikastolen lanaren garrantzia azpimarratu zuen, Paz de Ziganda ikastolak herrian 50 urteko ibilbidea egin duela nabarmenduz. Hasierako balioak (euskara, kooperatibismoa...) oraindik indarrean daudela azpimarratzeaz gain, ikastolek Euskal Herriko «eta baita Nafarroako txoko guztietara ere» euskara eraman izana txalotu zuen Atarrabiako alkateak.

Ikastolen Elkarteko presidente Koldo Tellituk egun Euskal Herriko lurraldearen erdian baino gehiagoan euskara ez dela ofiziala adierazi zuen, egoera hori aldetzearen aldeko jarrera erakutsiz. Aldarrikapen hori asteon bertan Nafarroako Parlamentuan egin dutela gogoratu zuen. Zonifikazioa gainditzeko Nafarroako Gobernuari eta alderdiei adorea eskatu ziela azaldu zuen. Urriaren 27rako Kontseiluak deitu duen mobili- zazioari ere sostengu osoa adierazi zion. Ipar Euskal Herriko egoera ere aipatu zuen, bertan aurrera egiten ari direla azpimarratuz. Halere, Emmanuel Macronen Gobernuak Seaskarekiko jarrera «kolonialistak» dituela salatu zuen. «Baina ez ditu ikastolak itoko», esan zuen.

EAEri dagokionez, Hezkuntza Lege berria aurrerapausoak emateko aukera dela esan zuen Tellituk. «Hezkuntza sistema propio bat eraikitzeko bidean mugarri izan daitekeen Hezkuntza Lege berri baterako bidean urrats bat gisa ikusten dugu», azaldu zuen. Hori bai, «ikastolok nahi eta Hezkuntza Sailak aurreikusi baino mantsoagoa doa prozesua», ohartarazi zuen.

Azkenik, ikasleen euskalduntzearekin batera, ikasle guztien integrazioari ere berebiziko garrantzia ematen diotela esan zuen Tellituk. Hala, iazko eztabaidetako bat, ikasle atzerritarren eskolatzea izan zuten.